Maite Maiorak bigarren egin du Espainiako Kopako bigarren proban, Miranda de Ebron

Barren.eus 2021ko mai. 18a, 14:16

Apirilean Sevillan jokatu zen lehenengo probaren ostean, mendiko lasterketen Espainiako Kopako bigarren proba puntuagarria jokatu zuten domekan, Miranda de Ebron (Burgos, Espainia). Maite Maiora Elizondok bigarren egin zuen, eta Kopako sailkapen nagusian ere bigarren postuan dago saltakari mendaroarra.

Miranda de Ebroko Antonio Machado parkean hasi eta amaitu zen CxM Miranda, 35 kilometroko mendi lasterketa, eta Patricia Pinedo Cornejo andaluziarra izan zen azkarrena emakumezkoetan. C.D. Umax Trail taldeko antxitxikariak hiru ordu, 22 minutu eta 43 segundoan osatu zuen proba. 12 minututik gorako aldea atera zion bigarren egin zuen Maite Maiorari (Lizarpe Mendi Kluba). Maiorak 3 ordu, 35 minutu eta 18 segundoko denbora egin zuen. Beatriz Sanchez Alonso sailkatu zen hirugarren postuan (03:43:23).

Espainiako Kopako lehen proba puntuagarrian hirugarren postua eskuratu zuen Maiorak, Peñon Xtrem mendi lasterketan, Sevillan. Eta orain lortu duen bigarren postuari esker, 166 puntu ditu sailkapen nagusian, eta bigarren postuan dago. Patricia Pineda dago lehen postuan, 188 punturekin.
Lau probek osatzen dute FEDMEk antolatzen duen 2021eko Espainiako Mendi Lasterketen Kopa. Hirugarrena uztailaren 31n jokatuko dute Kanariar Uharteetan, Aguas de Teror Trail lasterketa. Azkena Malagan jokatuko dute, urriaren 17an, Los Tajos Skyrace.

 • Barrenetxea, 18. postuan
Gizonezkoetan euskal selekzioa ordezkatu zuen Asier Larruzea Fernandez gailendu zen, 03:00:03ko denborarekin. Ander Barrenetxeak ere euskal selekzioaren elastikoarekin egin zuen saltaka, eta 18. postua lortu zuen (03:10:20).

∞Lotura duten albisteak: