Pandemiak baimendu zuenean berreskuratu zuten jendaurreko dinamika, eta egoera berrira egokituta taularatu dituzte azken obrak. Orain, erakusketa egin dute Dramatitragoak zikloaren errepasoa egiteko. Antzerkietan erabili dituzten jantzi, dekorazio, maskara eta bestelako elementuak jarri dituzte ikusgai Kultur Etxean, eta argazki eta bideoak ere bai. Zuzenean ikusteko aukerarik izan ez zutenek, beraz, maiatzaren 28ra arte dute erakusketa bisitatzeko aukera. Kultur Etxeko erakusketa gelan egongo da, astelehenetik barikura 18:30etik 20:30era, eta zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara.
Aita Agirre Kultur Kafea zabaltzeaz bat hasi zen Taupada antzerki taldeak Dramatitragoak zikloa gauzatzen. Kultur Kafearen baldintzetako bat zen hilean behin formatu txikiko kultur emanaldiren bat antolatzea, eta horretan lagundu nahi zuen Taupadak: “Kultur Kafea kulturaz bete nahi genuen. Taberna soil bat baino gehiago izatea nahi genuen”, esan du Edurne Lasa Taupadako kideak. Udaleko Kultura Sailean aurkeztu zuten beraien proposamena: hilean behin, antzezlan bat eskaintzeko konpromisoa hartu zuten. Kultura Sailak begi onez ikusi zuen Taupadaren proiektua, eta argi berdea eman zion zikloari. Eguenetan izango ziren antzerkiak, pintxo-potearen egunean, eta horregatik jarri zioten Dramatitragoak izena, dramatizazioak trago baten bueltan gozatzea zelako helburua.
- BARREN aldizkariaren 1203. zenbakian irakur dezakezue osorik 'Drama eta tragoak' erreportajea -PDF-