Euskal plataforma bat izango dela adierazi du Andoni Aldekoak, eta Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezko lan guztiak, filmak, dokumentalak eta bestelakoak ikusi ahalko direla bertan. Plataforma hori “apustu estrategiko eta berritzailea” izango dela esan du Aldekoak: “Euskal Netflix bat garatu nahi dugu, euskal gizarteari eskaini eta biltzeko; halaber, nazioarteko leiho bat izatea nahi dugu, eta ez soilik EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzea, baizik eta baita Euskadin sortzen diren euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak ere”, zehaztu du.
Era berean, EITBko zuzendari nagusiak azaldu du gaur egun gazteak Youtube, Instagram, TikTok eta antzerako plataformetan daudela, eta euskarak presentzia txikia duela horietan. Horregatik, EITBk ahalegina egingo du horietan egoteko, “euskaraz bereziki”. Aldekoak zera aitortu du: “Ikus-entzunezko kontsumoa asko aldatu da, eta guk hanka aldatu behar dugu”. Gogorarazi du euskal gazteek egunean zazpi orduz kontsumitzen dituztela edukiak ordenagailuan.
Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz herritar taldeek ere jakinarazi dute EITBk eginiko iragarpenaren inguruan duten iritzia (ikus berria.eus-en). Uste dute "aurrerapausoa" izan daitekeela EITBk sortuko duen plataforma. "Baikorra da EITBk gure diskurtsoa bere egin duela ikustea, esaten duenean euskararen etorkizunarentzat ezinbestekoa dela plataformetan presentzia sendoa izatea, baina ez du konponduko munduan eta Euskal Herrian ikusle gehien dituzten streaming plataformetan euskarak duen ikusezintasunaren arazoa". Plataformen eduki arrakastatsuenak euskaraz bikoiztu eta azpidatzi behar direla aldarrikatu dute.