Paula Calvok zortzigarren postua lortu zuen Espainiako Igeriketa Txapelketan, alebin mailan

Barren.eus 2021ko mai. 24a, 18:52

Eskola-adineko selekzio autonomikoen Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatu dute asteburuan, Kataluniako Lloret de Mar herrian. Paula Calvo elgoibartarrak euskal selekzioarekin hartu zuen parte, eta 100 metro libreetako proban lehiatu zen. Era berean, Paularen neba Ikerrek XXXIV. Villa de Gijon nazioarteko igeriketa txapelketan hartu zuen parte Gipuzkoako selekzioarekin, asteburu berean.

Sara Costa de Vicente igerilari madrildarrak irabazi zuen Lloret de Marren jokatutako 100 metroetako proba, 1:00.96ko denbora eginda, Lucia Martinez errioxarra sailkatu zen bigarren postuan (1:01.30) eta Lucia Sabatè kataluniarrak egin zuen hirugarren (1:03.70). Paula Calvo zortzigarren postuan sailkatu zen, 1:04.79ko denborarekin. Guztira 17 igerilarik hartu zuten parte 100 metro libreetako proban. Orain arte jokatu duen txapelketa garrantzitsuena zen Eibar Igerixan taldean diharduen 12 urteko igerilari gaztearentzat, orain gutxi hasi baita lehiaketetan. Euskal selekzioarekin Gironara eginiko bidaia irakaspen ona izango da hurrengo txapelketetarako.

Selekzioka Kataluniak eskuratu zuen lehen postua alebin mailan, Andaluziak bigarren postua eta Balear Uharteak sailkatu zen hirugarren postuan. Euskadikoa 13. postuan sailkatu da (14. postua, nesketan eta 12. postua mutiletan). Banakako lehian Enala Olaizek eta Mattin Zubeldiak lortu dituzte emaitzarik onenak euskal selekzioko kideen artean. Olaiz seigarren postuan sailkatu zen 400 metro estiloetako proban eta Zubeldiak bi seigarren postu eskuratu zituen 100 eta 200 metroko bizkar probetan.

2021 05 22 paula calvo igerilaria espainia txap lloret de mar

 • Iker Calvo, Gijonen
Gipuzkoako Igeriketa Federazioak hainbat igerilari hautatu zituen asteburuan jokatu zuten XXXIV. Villa de Gijon nazioarteko igeriketa txapelketan parte hartzeko, eta horien artean zen Eibar Igerixan taldeko Iker Calvo elgoibartarra. Lau probatan lehiatu zen: 50 bizkarrean, 50 eta 100 librean eta 200 tximeletan. Hain justu ere, azken proba horretan lortu zuen emaitzarik onena, finalerako sailkatu baitzen. Laugarren postua eskuratu zuen B finalean eta 12. postua sailkapen nagusian.

Txapelketa garrantzitsua da Asturiaskoa, Igeriketako Europako Ligarako eta Espainiako Igeriketa Federazioaren Grand Prix zirkuitorako proba puntuagarria baita.

∞Lotura duten albisteak: