Bera Bera eskubaloi taldean jokatuko du June Loidik datozen bi denboraldietan

Barren.eus 2021ko mai. 26a, 14:34

Guerreras Iberdrola Ligako talde txapeldunak, Super Amara Bera Bera taldeak, hurrengo denboraldirako egin duen lehen fitxaketaren berri eman du. Donostiako taldeak 2021-22 eta 2022-23 denboraldietarako hitzarmena adostu du June Loidi jokalari elgoibartarrarekin.

Azken asteetan bolo-bolo zebilen informazioa ofizial egin berri du Bera Berak, June Loidi 21 urteko eskubaloi jokalari elgoibartarra fitxatu dutela, datozen bi denboraldietarako. Loidik Zubileta Evolution Zuazo talde bizkaitarrean egin ditu azken hiru denboraldiak, Sanlok utzita, eta Barakaldoko taldeak atzo jakinarazi zuen Loidik ez zuela taldean jarraituko, sare sozialen bitartez zabaldutako mezuan. Gaur, berriz, Bera Beraren jakinarazpen ofiziala etorri da.

2021 05 26 june loidi bera beak fitxatu

Super Amara Bera Beraren ustez June Loidik taldea indartuko du "batez ere defentsan", defentsako lanean nabarmendu dela azaldu baitute, baina erasoan ere ekarpena egin dezakeela adierazi dute, "izan ere, ligako aurreneko fasean bere taldeko golegile nagusia izan den, partidako lau gol sartuta", adierazi dute. Zuazoko golegile nagusia izateaz gainera, Guerreras Iberdrola Ligako laugarren goleatzaile onena izan zen hegaleko jokalari elgoibartarra, Ligako lehen fasean. 58 gol sartu zituen. Atletico Guardes taldeko Paulina Perez izan zen golegile onena, 84 golekin.

Espainiako eskubaloi selekzioarekin maila guztietan jokatu duela ere azpimarratu du Bera Berak bere fitxaketa berriaz. "Etorkizunekoan, jubenil, junior eta gorenean. Hortaz gain, Objetivo 20-21 ekimenean ere sarritan egon da". Liga txapelketa zazpigarren aldiz irabazi berri duen taldera jauzi egitea izango da orain Loidirentzako erronka berria, eta Europako txapelketetan aritzeko aukera ere izango du Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldean.
Bera Berak aurreratu duenez, datorren astean egingo dute June Loidi aurkezteko ekitaldia, Donostian.

∞Lotura duten albisteak: