Maalan egin diote harrera Eibartik ailegatu den bizikleta martxari. Aurreskua dantzatu diete San Lazaro egoitzaren aurrealdean, eta manifestazioa egin dute gero herriko kaleetan. “Pentsio publiko duinak! Murrizketarik gabe!” lelopean, Toledoko itunaren aurka daudela aldarrikatu dute, bai eta "osasungintza publiko indartsua eta zaintza-lan duinak" eskatu ere. Manifestazioaren ostean, ekitaldia egin dute Giza Eskubideen parkean. Han bazkalduko dute eta 16:00etan jarraituko du bizikleta martxak bere ibilbidea, Debara bidean. Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak giroa berotu aldera antolatu du martxa, herritarrak zapatuan Donostian egingo duten manifestaziora joatera anima daitezen. Bizikleta martxa bera ere Donostian amaituko da manifestazioaren egunean, maiatzaren 29an, manifestaziora batzeko. Alderdi Ederretik 17:00etan hasita egingo dute mobilizazio bateratua.
Donostian ez ezik, Iruñean, Gasteizen, Bilbon ere egingo dituzte manifestazioak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Bi helburu nagusirekin irtengo dira kalera: Estatuko zein Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatzea haien aldarrikapenak bermatzea; eta, indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea.
∞Lotura duten albisteak:
- Hilabete honetan pentsio duinen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du Gaurgeroa Duintasunak (2021-05-19)