Eskolarako Bidea markatu dute Mendaron, Arno Guraso Elkartearen ekimenez

Barren.eus 2021ko mai. 31a, 11:47

Larunbaterako egin zuten deia, eta familia ugarik parte hartu zuten ekintzan. Gaur, astelehenarekin, lehenengo proba eguna izan dute. Txistulariek lagundu diete haurrei eskolarako bidean.

Haurrek egiten duten bidea mapa batera eraman, puntu arriskutsu edo beltzak markatu eta eskolara bidea oinez egitearen onurak azpimarratu ditu Arno Guraso Elkarteak. Bideo bat ere zabaldu zuten duela gutxi, herritarrei proiektuaren berri emateko eta egitasmo honen onurak azpimarratzeko.
 

Ikastolan eta Udalean ere aurkeztu zuten egitasmoa. Irakasle eta haurrek geletan landu dute gaia eta herria eta herriko auzoak hobeto ezagutzeko ere baliatu dute aukera. Udalean ere aurkeztu zuen Arnok egitasmoa eta puntu ilunetarako irtenbideak topatzeko konpromisoa ere agertu du Udalak. Arnoren aurretik, EH Bildutik ere aurkeztua zuten antzeko egitasmoa, Haurren Hiria proiektuaren baitan, baina ez zuen aurrera egin.
 
Larunbatean, 10:30ean elkartu ziren haur eta gurasoak Herriko Enparantzan. Han, Arno Guraso Elkarteko kideen azalpenak entzun ostean, taldetan banatu ziren. Auzo bakoitzeko talde bat osatu zuten, eta kolore jakin bat esleitu zieten auzo bakoitzari. Klarionak eta espraiak hartuta abiatu ziren brigada txikiak nor bere abiapuntura, eta handik, ikastolarako bide osoa markatu zuten. Bidean, Musika Eskolako txistulari eta soinu joleak izan zituzten lagun. Ikastolako jolastokian elkartu ziren guztiak, eta han, platano bana edo magdalena bana eskaini zieten Arnokoek haurrei, aukeran. Ondoren, Azpeitiko Iago Azkue magoaren saioaz gozatu zuten familiek elkarrekin. Zapatukoaren ostean, gaur, lehen proba pilotua egin dute. Arno Guraso Elkarteko kideek egin dituzte gaur boluntario-lanak, eta auzo bakoitzeko talde bana osatuta joan dira umeak ikastolara, zapatuan markatutako bideetatik. Gaur ere, Ameikutz Musika Eskolako ikasle eta irakasleek lagundu diete bidean, txistu eta danbolinak hartuta. 
 

 

 

2021 05 21 eskolara oinez txistulariak

 

2021 05 31 eskolara bidea pilotua

 
 
2021 05 29 Arno eskolara oinez

2021 05 29 Eskolara oinez markatzen1

2021 05 29 eskolara bidea markoa