Mendaro euskaldun(ago)tzen

Barren.eus 2021ko eka. 4a, 11:31

Arno guraso elkarteak Mendaroko Udalarekin eta UEMArekin hasitako elkarlanari esker, euskara ikasten ari dira hamaika bat lagun Mendaron, Debabe Udal Euskaltegiko Aldo Aldai irakaslearekin.

Apirilaren 12an egin zuten aurkezpena eta biharamunean izan zuten lehen euskara eskola, udaletxean bertan. 40 orduko ikastaroa da, oinarri-oinarrizkoa, eta astean birritan elkartzen da taldea. Ekainaren azkenera bukatuko dituzte eskolak, baina ilusio handiz batzen egon direla aitortu dute guztiek eta nahiko luketela irailean jarraipena izatea honek.

Mendaro Ikastolako hizkuntza aniztasunaren mapa osatzeari ekin zion urtarrilean Arno Guraso Elkarteak Ikastolarekin elkarlanean, eta blogean (www.arnogurasoelkartea.eus) egitasmo haren berri emateko zabaldu zuten mezuari lau gurasok erantzun zioten euskara ikasi nahiko luketela esanez. Huraxe izan zen abiapuntua. Ondoren, otsailean, deialdia zabaldu zuten guraso elkartetik, euskara ikasteko gogoz zeudenak zenbat izango liratekeen jakiteko, bai eta haien beharrak eta haien aukerak aztertzeko ere. Erraztasunak eman nahi zizkieten euskara ikasteko. Izan ere, interesa agertu zuten lau lehenengo haiek haur txikien guraso ziren, herrira etorri berriak, lana eta familia kontziliatu ahal izateko sarerik ez zutenak inguruan, eta hori gabe, nekez sartu ahal zirenak bestelakotan. Aldi berean, baina, ahalik eta talde homogeneoena sortu nahi zuten, bestela euskara ikasi nahi dutenek atzera egiteko arriskua ikusten zutelako eginahal horretan.
Bi baldintza horiek betetzea, baina, ez da erraza, eta are gutxiago Mendaroren ezaugarrietako herri batean. Mendaroko Udalak urtero egin izan du azkeneko urteotan euskara eskolak sortzeko deialdia irailean, baina maila beretsuko zazpi lagun elkartu behar ziren taldea osatzeko, eta azkeneko hiru urtean ez da baldintza hori bete. Horren inguruko gogoeta ere egin zuten Euskara Taldetik, eta hausnarketa horren emaitzak eta gurasoekin egindako solasaldietan batutako informazio guztia bildu eta Udalari eta UEMAko teknikariari aurkeztu zioten. Euskara ikasteko gogoa agertu zutenei lehenbailehen erantzun behar zitzaiela jaso zuten guraso elkartean, ezin zela ilusio hori apaltzen laga, eta hausnarketa horrekin bat egin zuten udaletxean. Halaxe sortu zen elkarlana hiru eragileon artean. Hutsetik euskara ikasi nahi zutenenentzako 40 orduko ikastaro bat lotu zuen Udalak Debabe Udal Euskaltegiarekin eta izena eman zutenen ordutegi beharrak kontuan hartuta, eskolak astean birritan izango zirela adostu zuten: martitzen eta egunetan, 14:30etik 16:30era, haurrak ikastolan zeuden bitartean. [Ekainean, eskola ordurik gal ez dezaten, zaintza zerbitzua eskaini die Arnok]. Gehienez hamabi lagunentzako lekua izango zela jakinarazi zuen Udalak, baina ikastaro honi irailean jarraipena emateko asmoa agertu zuen. Hala nahi lukete gurasoek.

Euskara eskoletan gehienez hamabi lagunentzako lekua izango zela zabaldu zuen Udalak, eta bete egin zen taldea. Bakarren bat aurrez ibilia zen euskaraz ikasten, eta besteren batek eskolan jasotakoa zekarren, baina gehientsuenentzat zerotik hastea izan da. Errazik ez dagoela aipatu dute guztiek, baina merezi duela sinetsita daude, eta ikasten jarraitzeko gogoz daudela nabarmendu dute. Joan zen eguenean izan zen BARREN eskolan, eta han bildutako iritziak batu ditugu aste honetako alean.

2021 06 04 euskara ikasleak mendaro barren errep 1