"EH Bilduk proiektu hau udalean aurkeztu zuenean, herriko kolektibo batzuekin kontrastea egin ondoren izan zen, aukera handiak ikusten zizkiotelako Mintxetako berdegunea udaberria eta udazkena bitartean irekita mantentzeari. Behin gure eskaria eta asmoa publiko eginda, askotarikoak izan dira jaso ditugun babes mezuak, eta horregatik esan nahi dugu lanean jarraitzen dugula proiektua bideragarri egiteko", azaldu dute.
Euren proposamena Udalean aurkeztu ostean, proiektuak bete behar zituen baldintza tekniko batzuk mahaigaineratu zizkietela zehaztu dute. "Uste dugu baldintza horiek aztertzeko modukoak direla, eta borondatea balego konponbidea aurkitzeko arazorik ez diogu ikusten". Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, baina, gaia aztertu ostean, Mintxetako berdegunea urte osoan zabaltzea baztertu du, “eremuak ez dituelako betetzen horretarako segurtasun, zerbitzu eta azpiegitura baldintzak”. Erabaki horren harira, Udal Gobernuko ordezkariek eginiko adierazpenek "tristura" eragin diela esan dute. "Udal Kirol Patronatuak ez du inolako ebazpenik eman. Maiatzeko Kirol Patronatuko bileran txosten teknikoa aurkeztu zen, non proposamenak zituen zailtasunak aipatzen ziren, baina ez zen bozkatu, eta inork ateak itxi baditu, hori EAJ izan da. Ateak ixten dizkiolako inongo elkarrizketari". Gai hau lantzen jarraitzeko prest dagoela adierazi du EH Bilduk, eta asmo horretan beste herri batzuetako arduradunen eta igerilekuetako erabiltzaileen iritziak jaso dituztela jakinarazi du.
"EAJk" aipaturiko "zailtasunak" banan banan erantzun dituzte. Segurtasun neurriak handitzeko beharra egingarri ikusten dute, eta honako galdera egin dute: "Beste herri batzuetan posible dena, zergatik ez Elgoibarren?". Berdegunea urte osoan zabaltzeko "inbertsio nabarmena" egin behar dela dio Udal Kirol Patronatuak, herritarren segurtasuna bermatu ahal izateko. "Goazen baloratzera, eta egin diren beste inbertsio batzuekin konparatzera", dio arrazoi horren harira EH Bilduk. Era berean, pertsonal gastuak eta garbiketa gastuak inbertsio moduan azter daitezkeela uste dute, "goazen baloratzera", diote. "Autokontrol eta Autobabes planak aldatu beharra ezin da ezezkoa emateko arrazoia izan", adierazi dute. Igerilekuko eremuaren edukiera ia erdira mugatu beharraz, aire libreko igerilekuak irekita dauden bitartean espazio hori igerilekuko erabiltzaileentzat mugatzea izan daitekeela aukera bat uste dute, baina hala ere apiriletik ekainera eta udazkenean eremua erabilgarri egongo litzateke. Zailtasun guztien inguruan berba egiteko prest daudela nabarmendu dute. "Zinez uste dugu proiektu hau gauzatzeak onurak besterik ez dizkiela ekarriko elgoibartarrei, eta horregatik jarraituko dugu adostasunen bila lanean, etorkizuneko Elgoibar hobe bat irudikatzen dugulako, eta herritarren aisialdia ere hor sartzen dugulako".
Oharrean Mintxeta Atletismo Taldeak eginiko lanari aitortza ere egin dio EH Bilduk, "beraien lanari esker dagoelako Mintxetako berdegunea dagoen egoeran, urte osoan zehar, duela 20 urtetik hona".
∞Lotura duten albisteak: