Kadeteek bi lasterketa izan dituzte asteburuan, Gipuzkoan. Zumaiako Saria lasterketa jokatu zuten zapatuan, 55 kilometrokoa, eta bigarren sailkatu zen Elgoibarko Laboral Kutxako Eneko Ortega, irabazlearengandik segundu batera. Ia lasterketa osoan ihes eginda ibili zen Ortega, 40 bat kilometroan bai, baina hamar kilometroren faltan harrapatu zuen Raul Ostiz Gama-Muruzabal-Erro y Eugui taldeko txirrindulariak eta aurrea hartu zion. 1:25:22ko denboran osatu zuen Ostizen ibilbidea eta segundu batera sartu zen Ortega helmugan. Hirugarren, Vlad Rares Chira sailkatu zen, Dinuy taldeko txirrindularia. Bost segundora sartu zen helmugan.
Atzo, berriz, Gipuzkoako Banakako Erlojupeko Txapelketa jokatu zuten Bergaran. 90 txirrindularik parte hartu zuten lasterketan, eta 7,2 kilometroko ibilbidea osatu zuten, bata bestearengandik hogeita hamar segundura irtenda. Zatika Goifiber taldeko Gari Ugarte izan zen azkarrena, 10:46ko denborarekin. Haren atzetik sailkatu zen Eneko Ortega Laboral Kutxakoa, bederatzi segundura, eta Vlad Rares Chira, Diny taldekoa, sailkatu zen hirugarren postuan. Aritz Esnaola Lagunak Taldeko txirrindulari mendaroarrak hogeigarren egin zuen sailkapen nagusian.
Aipatzekoa da, era berean, juniorretan, Jokin Amorrostak Seguruan eskuratu zuen zortzigarren postua ere. Bellota-Goierriko Nicolas Alustizak irabazi zuen lasterketa, 2:08:53ko denboran osatuta 83 kilometroko ibilbidea eta Imanol Aceña (Iridoi-Alimco) eta Mikel Uncilla (Quesos Albeniz) sailkatu ziren haren atzetik. Elgoibarko taldeko Jokin Amorrostak zortzigarren egin zuen eta irabazleak baino 2 minutu eta hogeita bat segundu gehiago behar izan zituen helmugaratzeko.