Maria Ormaetxearen aitak Eibarko udaleko brigadan egiten zuen beharra, baina bertsotarako afizio handia zuen. Tabernetan egiten zuen bertsotan. "Edo batian edo bestian taberneruak garbittasunagaittik ixten ziuen merixendia edo bazkarixa. Eta haura han jota ke bertsuetan", dio aitaren bertsotarako zaletasunaz. Maria bera ere bertso kantaria izan da, ahotsak.eus webgunean ikus daitekeen moduan. Honako bideoan, adibidez, Fernando Bengoetxeari buruzko bertsoa abesten du:
Gure Fernando Bengoetxea
ehun urte da hil zala,
denpora askuan sentitzen det nik
hak utzi zeban itzala,
jaungoikuari eskatzen diot
nahi leukianak bezela,
haren anima irabazitta
zeruan ixan deixela.
• Lehenbiziko bertsolari ezaguna
'Pernando Amezketarra, jaiotzez Fernando Bengoetxea Altuna (Amezketa, 1764-1823) Aralarren artzain eta bestelako lanbideetan aritu bazen ere, bere garaian ospea eman ziona bertsotarako zuen trebezia izan zen. Joanito Dorronsoren esanetan lehenbiziko bertsolari ezaguna izan zen, Gipuzkoan behintzat, eta ez nolanahikoa. "Ametza, Zabala, Txabalategi, Altamira, Otobezino... gizaldi hartako bertsolari guztien hora dugu Fernando. Euskal Herri osora zabaldu da gizon azkar eta argi honen izena". Bere ateraldi umoretsuengatik, bizitasunagatik eta argitasunagatik irabazi zuen ostea. Urte asko pasa diren arren, haren oroitzapena ez da galdu, herriak gordea baitu ahozko tradizioan. "Mito bilakatu da, barre-eragile gisan", Dorronsororen berbetan. Gainera, bere bertso eta ateraldi xelebreak oraindik orain entzun daitezke, besteak beste, Gregorio Mujikak 'Pernando Amezketarra' -1925- izeneko liburuan eta Antonio Zavalak "Pernando Amezketarra bertsolaria" (Auspoa -1966-) izeneko liburuetan jaso zituztelako. Horiez gainera, 1990eko hamarkadan ETB-1ean bertsolari honi buruz marrazki bizidunetako telesaila eman zuten.
Aran gehiegi jan ondoren ura edan, eta gaizkitu eta hil omen zen Fernando Bengoetxea Apaetxe bordan, Amezketan, 1823ko uztailaren 9an, 58 urte zituela. (informazio osoagoa Euskal Wikipedian)
- Sarrera gehiago, ahotsak.eus barren.eus atarian: hemen eta hemen
- Elgoibarko ahozko ondarea
- Mendaroko ahozko ondarea