Betidanik gustatu izan zaio kirola, taldean jokatzeko kirola bereziki, eta hainbat kirol probatu ostean, duela hiru urte iritsi zen Gasteizko Zuzenak klubera. Errugbi egokituko Basatiak taldean jokatzen du, eta gainera, taldeko kapitaina da. Espainiako selekzioan jokatzea du amets.
Xaketik ezagutuko dute askok Markel Kerexeta Elgoibarren, izan ere, xakeari lotutako albiste askotako protagonista izan baita ume-umetatik. 8 urterekin hasi zen xakean jokatzen aitarekin, eta gerora Zubi Ondo xake taldean jaso zituen eskolak Mikel Leonen eskutik. Berehala hasi zen xakean lehiatzen, eta gaur gaurkoz esan dezake bere irakaslea izan zena mendean hartzeko gai ere izan dela. Iriondo tabernako xake txapelketako partida batean irabazi zion Kerexetak Mikel Leoni, eta gaur egun, Zubi Ondo klubeko lehen taldean daude biak. Xakerako zaletasun handia dauka, baina azken hiru urteotan, beste zaletasun bat ere badu: gurpildun aulkian jokatzen den errugbia.
Markel Kerexetak betidanik izan du gustuko kirola, eta umetatik praktikatu izan ditu kirol desberdinak. Eskola Kirolean jardun zuen lehenengo LH6ra arte, eta gerora, futbolean ere ibili zen bizpahiru urtez C.D. Elgoibarren. Talde kirola gustatzen zaio bereziki, taldean jokatzea, eta horretarako, egokitutako kirol modalitateren baten bila hasi ziren. Inguruko herrietan jardun zuten galdezka, baina hemen bueltan ez zuten ezer aurkitu. Gimnasioak aurkitu zituzten bereziki kirol egokitua eskaintzen zutenak, baina bakarka edo entrenatzaile batekin jarduteko aukera bakarrik eskaintzen zuten. Eta hori ez zen nahi zuena. Egun batean, egunkarian irakurri zuten Gasteizen gurpildun aulkian jokatzen den saskibaloi partida bat zegoela, eta ikustera joan ziren. Partidako antolatzaileak ere jende bila zebiltzan, eta probatzera animatu zuten. Hiru urtez ibili zen saskibaloian, baina taldea utzi behar izan zuen, ez zeukalako taldearen mailari eusteko gaitasun nahikorik. Saskibaloian jokatzeko gerritik gorako gorputz-adarretan minusbaliarik ez izatea garrantzitsua da, eta ez da hori Markelen kasua. Saskibaloian jokatzen dutenak normalean gerritik behera izaten dituzte arazoak, baina berak eskuetan ere baditu. Markelek bezala, beste taldekide batzuek ere arazo berbera zuten, eta horrela bururatu zitzaien saskibaloiaren ordez errugbi taldea sortzea.
Gurpildun aulkian jokatzen den errugbia Kanadan asmatu zuten 1997. urtean, eta lau hamarkada behar izan ditu Euskal Herrira iristeko. 2018an sortu zuen Gasteizko Zuzenak
klubak errugbian gurpildun aulkian jokatzeko taldea. Ainhoa Rodriguez da taldeko entrenatzailea. IVEF ikasi zuen eta Zuzenak taldean egin zituen praktikak, gurpil gaineko saskibaloi taldean. Errugbi taldea sortu zutenean eman zioten entrenatzaile izateko aukera, eta halaxe hasi zuten guztien artean abentura berri hau.
Hamahiru jokalarik osatzen dute taldea, eta horietako bat da Markel Kerexeta. Neska zein mutil, denek batera jokatzen dute, baina gehienak gizonezkoak dira; emakumezko bakarra dute taldean. Jokalariek gutxienez hiru gorputz-adar eduki behar dituzte ezinduta, hau da, bi hanka eta beso bat edo bi beso eta hanka bat. Markelek baldintza hori betetzen zuen, eta hasieratik sartu zen taldean. Eta gaur egun, harro eta pozik dio, hauxe dela bere kirola.
Basatiak izena dauka taldeak. 17 urterekin hasi zen taldean, orain dela hiru urte. Espainia mailan lehiatzen dira, Zaragoza, Madril, Sevilla, Bartzelona, Toledo eta Valentziako taldeen kontra. Zonaldeka banatzen dute liga, bidaiak ez daitezen horren luzeak izan, eta iparraldeko ligan jokatzen dute Zuzenak klubeko basatiek.
Aurten partida bakarra irabazi dute, Toledoren kontra, eta zazpitik laugarren amaitu dute sailkapenean. Astean bi aldiz joaten da Markel Gasteizera entrenatzera, eta horrez gain, asteburuan partidak jokatzen dituzte. Jokalari gehienak ez dira Gasteiz bertakoak, eta askori gogorra egiten zaie entrenamendu eta partidetako dinamikari eustea. Ez da hori Markelen kasua. Fin-fin betetzen ditu klubarekin dituen konpromisoak. Ilusioa eta kemena jarri ditu taldean, eta oso pozik dihardu. Bere ahaleginak eman ditu fruituak, eta une honetan bera da taldeko kapitaina. Horrez gain, Espainiako selekzioaren deia ere jaso du, eta birritan joan da selekzioarekin entrenatzera. Oraindik ez du debuta egin, eta hori da bere ametsa, selekzioarekin debuta egitea. Olinpiar jokoak ere begiz jota ditu: momentuz gurpil gaineko errugbia ez da kirol olinpikoa, baina badauka egunen batean izango den itxaropena. Pandemiak ere eragin die, eta ia urtebetez egon dira txapelketarik gabe eta entrenatu ezinda. Bere kabuz saiatu da Markel ariketak egiten, baina ez da gauza bera, eta forma galdu duela aitortu du. Orain oporretan daude, baina irailetik aurrera gogor ekingo dio berriz lanari. Pandemiaren alde ona ere aprobetxatu du, baina, Markelek, eta geldialdia ondo etorri zaio ikasketak amaitzeko. Donostian egin du bi urteko Admistraritza moduloa, eta lan praktikak Elgoibarko Kalman enpresan egin ditu. Uneren batean zailtasunak izan zituen ikasketak errugbiarekin uztartzeko, baina pandemiaren etenari esker, ikasketei eskaintzeko denbora gehiago eduki du.
Kirolak ondo egiten dio, bai fisikoki eta baita mentalki ere, sasoian egoten laguntzen dio. Markelek behar du kirola egitea, eta gurpil gaineko errugbian aurkitu du bere lekua. Fisikoaz gain, gurpil gaineko errugbiak teknika eta taktika eskatzen ditu, eta garrantzitsua da jokaldiak ondo irudikatzea. Markelek hori oso ondo egiten du. Xakean jokaldiak ikusteko daukan abilezia bera erabiltzen du errugbiko jokaldiak ere bere buruan ikusteko, eta horrek abantaila ematen dio. Indarra bezain garrantzitsua da burua gurpil gaineko errugbian jokatzeko, eta Markelek argi dauka burua. Arbel batean marrazten dizkie entrenatzaileak jokaldiak eta gogoan gordetzen dituzte jokalariek, kantxan aplikatzeko.
Erreportajea osorik BARREN aldizkariko 1207. zenbakian -PDF-