Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko zazpi bisita gidatu antolatu dituzte

Barren.eus 2021ko eka. 21a, 07:21

Uztailaren 4an hasi eta urriaren 16a bitartean zazpi bisita gidatu egingo dituzte Dolmenen Ibilbidera, euskaraz zein gaztelaniaz. Bisitak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira 10:00etan, eta lau ordu inguruko iraupena izango dute.

Karakate-Irukurutzeta mendilerroan zehar burutzen da Dolmenen Ibilbidea, Soraluze, Elgoibar eta Bergarako udalerriak lotzen dituen Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa zeharkatuz. 9 kilometroko ibilbidean zazpi monumentu megalitiko bisitatzen dira. Bisita gidatuok antolatzen dituzten seigarren ekitaldia da aurtengoa eta bisitek doakoak izateari utziko diotela da aldaketa nagusia. Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 3 euro 12 urtetik beherako umeek. Bergaran, Elgoibarren edo Soraluzen bizi direnek deskontu txiki bat izango dute: helduek 2,5 euro pertsonako, eta 12 urtetik beherako haurrek 1,5 euro pertsonako. Izena emateko, 657 794 677 telefonora deitu behar da, edota https://www.debabarrenaturismo.com/eu/dolmenen-ibilbidea/bisita-gidatuak webgunean dagoen formularioa bete. Gutxienez bi parte hartzaile beharko dira bisita gidatuak egiteko.

Bisita gidatuen datak

  • Uztailak 4, euskaraz
  • Uztailak 18, gazteleraz
  • Abuztuak 1, euskaraz
  • Abuztuak 18, gazteleraz
  • Irailak 5, gazteleraz
  • Urriak 3, euskaraz
  • Urriak 16, gazteleraz

 • Aurten aurreikusitako lanak
Bisita gidatuetaz gain, aurten hainbat ekintza aurreikusi dira Dolmenen Ibilbidean. Alde batetik, indusketa lanekin jarraituko dute, 2020an Aitzpuruko Zabalako dolmenaren ondoan aurkitu zen txabolan. Agirreburuko dolmena, 2019an indusia, berreraikitzeko lanak ere egingo dituzte.

Ibilbidea hobetzeko hainbat jarduera ere egingo dituztela azaldu dute arduradunek. Karakateko aparkalekuaren inguruan picnic mahaiak ipiniko dituztela aurreratu dute, atsedengune bat sortzeko helburuarekin. Era berean, 2019an indusi zuten Frantsesbasoako dolmenaren inguruan itxitura egin eta interpretazio panela ipiniko dituzte.

Azkenik, ibilbidearen eskuorri berria ere egin dute, irudi berriarekin, ibilbidea eta megalitoak nabarmentzeko.