Elgoibarko EH Bilduk jakitera eman duen proposamenaren arabera, prozesu bat zabaldu nahi dute herriko kultur dinamikaren inguruko gogoeta sustatzeko eta kultura arloko etorkizuneko lan ildoak eta lehentasunak adosteko, "beti ere kulturak Elgoibarren izan dezakeen eragin estrategikoa eta sozio-ekonomikoa sendotzeko".
Prozesu hori zabaltzearekin batera, herritarren eta kultur eragileen partaidetzarako dauden bideak aztertu nahi dituzte, eta kultur gunearen kudeaketarako eredu ezberdinen "bideragarritasuna eta egokitasuna" ikertu.
Hausnarketa prozesu hori bideratzeko “Kulturaren kontseilua” sortzea proposatzen dute, Elgoibarko herritarren partaidetzari buruzko araudian aurreikusitako kontseilu sektoriala izango litzateke euren berbetan. Azkenik, nabarmendu dute proiektuak auzolanean garatutakoa izan behar duela izatekotan. "Errotik partekatua: bai proiektua diseinatzerakoan, bai antolatzerakoan", azaldu dute.
“EH Bildutik beti defendatu izan dugu Elgoibarrek behar zuen kulturguneak Aita Agirreren eskoletan egon behar zuela. Asko poztu gara tokiko gobernuak neurri hori hartu duenean. Baina proiektua eraikina altxatzera eta kultur eragileak bere bulegoetan birkokatzera mugatu da. Lehenengo egunetik eskatu dugu Elgoibarri 5 milioi baino gehiago kostatu zaion proiektu handi bat herriko eragile politiko eta kultural guztien artean diseinatutako plan estrategiko kultural baten barruan kokatu beharko litzatekeela, eta hori da ikusten ez duguna. Hori eskatzen genion udalari 2018an, obrak hasiak zirenean. Argi dago ez zigutela kasurik egin", adierazi dute.
Inauguraziotik urtebete pasatxo igaro ondoren, proiektua ez dela behar bezala garatu uste dute, eta indarrean zegoen Aita Agirreko taberna zerbitzuaren kontratuaren eteteak "hori baieztatu besterik ez du egiten". EH Bilduren iritziz agerikoa da pandemiak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek ez dutela batere erraztu proiektua garatzea, baina uste dute egoeraren araberako arazoa baino zerbait gehiago dela, "funtsean partekatutako kultura-proiekturik eza dagoela".