Hiru urtetan bakarrik egin zituzten Urazandi auzoko jaiak, 1981etik 1983ra bitartean, baina arrastoa laga zuten auzokoen eta herritarren artean. Adinean aurrera doazen askok oraindik gogoan dituzte duela ia 40 urte auzoko kaleetan egin zuten sokamuturra, edo Urazandiko jaietan estreinakoz jaurti zituzten suzko erroberak, hogeita zortzi urtez herrian bota gabe egon eta gero bota baitzituzten.
"Iaz egin nahi genituen jaiak, baina pandemia dela-eta urtebete atzeratu behar izan genituen. Tamalez, aurten ere ez dago jairik antolatzerik. Hala, 2022ko uztailaren 1etik 3rako asteburuan egitea da gure asmoa, eta prest dugu egitaraua", azaldu du Jon Rodriguezek. Hurrengo urtean izango diren arren, euren asmoak plazaratzeko unea zela erabaki dute, “urtean zehar zeresana emateko eta jai giroa pizteko, eta baita aurrekontua osatzen joateko ere, noski”.
Jaien oroitzapen lausoa du Rodriguezek, oso ume zelako artean, baina beti entzun izan ditu jai haien inguruko kontuak, eta parkeko solasaldi batean sortu zen jaiak berreskuratzeko ideia. “80ko hamarkada hasieran auzoan egiten ziren jaiei buruz berbetan hasi ginen, genituen oroitzapenez, eta berriro antolatzea polita izango zela aipatu genuen, gazteenengatik bereziki, belaunaldi berriek ere ezagutu ditzaten Urazandiko jaiak”, azaldu du.
Urazandiko auzokide sentimendua indartu egin dela uste du Rodriguezek, Urazandiko Auzoko Elkarteak sustatuta, bere ustez. Auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko eskaerei bide emateko eratu zuten elkartea 2019an. “Jaiak berriro antolatzeko aukera aipatu genuen elkarteak antolatutako bilera batean, eta erantzun oso ona izan zuen ideiak. Aurrera egiteko eskatu ziguten eta ilusioa nabaritu genuen. 'Hau da unea' esan genuen gure artean, eta dena martxan jarri. Hiru lagun hasi ginen eta sei edo zazpi gaude orain taldean, lanerako gogoarekin”.
Auzoetako eta kaleetako jai ugari galdu dira azken urteetan, Errosario edo Pedro Mugurutzan egiten zituztenak edo Altzola auzokoak, esaterako. Kontrara, Arriaga auzoko bizilagunek 2003an berreskuratu zuten San Antolin festak ospatzeko ohitura. “Badugu non begiratu. Arriagan egin zuten moduan, guk ere bueltan nahi ditugu Urazandiko festak”. Aurreratu dutenez, umeak izango dira protagonistak lehen urtean eta ahal duten heinean, lehengo jaietan egiten ziren ekitaldiak berreskuratuko dituzte, besteak beste, ezkonduak eta ezkondu gabekoen arteko futbito partida edo auzokoentzako bazkaria. “Su artifizialik edo zezenik ezingo dugu ekarri lehen urtean, baina auto klasikoen eta auto telegidatuen erakusketak egiteko asmoa daukagu eta antzerkia eta musikarik ere ez da faltako. Lehen Miss Urazandi ere aukeratzen zuten. Jai batzordekoek aukeratzen zuten irabazlea aurkeztutakoen artean, eta bata eta besteari galdetuta jakin dut Reyes Linares izan zela azken irabazlea. Ez dut uste guk halakorik antolatuko dugunik, baina gure asmoa da auzoko zaharrenari lora sorta bat oparitzea, adibidez”, azaldu du Rodriguezek. Urazandiko parkea izango da jaien bilgunea. Jaiak egiten zituztenean ez zegoen parke hau, zelai bat baizik eta bertan egin zuten sokamuturra.
• Hiru urte, eta kitto jaiak!
Herri Gain Elkarte gastronomiko kideek antolatu zituzten Urazandiko jaiak estreinakoz, elkartea sortu zuten urte berean, 1981. urtean. Uztaileko lehen astebukaeran ospatzen ziren jaiak, baina 1983. urtekoen ostean, utzi egin behar izan zioten jaiak antolatzeari, eskatzen zuen ahaleginagatik. Lanaz gainera, milioi t´erdi pezetako (3.000 euro) aurrekontuari aurre egin behar izaten zioten. Familia bakoitzak 200 pezetatako dirusaria ematen zuen batazbeste eta horrekin, errifekin eta jaiek irauten zuten bitartean ipintzen zuten tabernarekin parra egitea lortzen zuten. Azken urtean, auzoan zeuden beste hiru elkarteei luzatu zieten jaiak elkarlanean antolatzeko gonbitea. Baina gainontzeko elkarteek ez zuten konpromisorik hartu nahi izan, eta hala, 1983. urtean ospatu zituzten jaiak azkenkoz. Jaiak antolatzeari laga ostean, hurrengo urteetan Galiziarrek hartu zuten erreleboa eta Galiziarren jaiak ospatzeari ekin zioten. 2006ra arte auzoan ospatzen zituzten eta urte horretatik aurrera herrigunean antolatzen dituzte.