Mintxetako berdeguneak urte osoan irekita mantentzeko proposamena ez dela eurena nabarmendu du koalizio soberanistak, herritar talde baten ekimenez martxan jarri zuten proposamena baizik. Proiektua Udal Kirol Patronatuan aurkeztu ostean, ez duela aurrera egin azaldu dute EH Bilduko arduradunek, eta gaineratu dute bileran ezin izan dutela euren lan dokumentua aurkeztu, non Udal Gobernuak zehaztutako zailtasunei kontra egiten zieten. "Proiektuarekin ez jarraitzeko jarri duten aitzakia bakarra, bai, aitzakia, urtero mantenu gastuak sortuko dituela da. Hasiko al gara izendatzen udalean mantenu gastua duten proiektu ezberdinak? Lasai, ez genuke berehala bukatuko eta ez gara horretan sartuko, baina bai, asko dira urtero Udalak dituen mantenu gastuak bere instalakuntzetan. Beraz, zein da benetako arazoa? Benetako arazoa da batzuentzat instalakuntzak pribatizatzea normala dela, denon diruarekin ordaindutako ekipamenduak gero kuota bat ordaintzeko gaitasuna daukanak soilik erabiltzeko bideratzen dira, eta hori ez da herritarrengan pentsatzea, hori ez da Elgoibar integratzaile bat eraikitzeko bidea", adierazi dute.
Legealdi honetan berdegunea urte osoan irekita ikusteko esperantzarik ez duela dio EH Bilduk, baina hala izan dadin lanean jarraitzeko asmoa agertu dute. "Orain ez da posible izan, baina nork daki, beste gai batzuetan ere Udal Gobernuak bere iritzia aldatu behar izan du herritarrak mugitu direnean".
Azkenik, Elkarrekin-Podemosi eskerrak eman dizkiote eurek aurkeztutako proposamenaren aldeko botoa emateagatik.
∞Lotura duten albisteak:
- Mintxetako berdegunea urte osoan zabalik edukitzeko proiektua bideragarria izan dadin lanean jarraituko duela dio EH Bilduk (2021-06-05)
- Mintxetako berdegunea urte osoan zabaltzea baztertu du Kirol Patronatuak, “eremuak ez dituelako betetzen horretarako segurtasun, zerbitzu eta azpiegitura baldintzak” (2021-06-04)
- Mintxetako berdegunea urte osoan aisialdirako zabalik edukitzea proposatu du EH Bilduk (2021-04-26)