«Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta» bere helburuen eta egitekoaren inguruko gogoeta egin du azkeneko urtebete honetan Mintzola Fundazioak, eta prozesu horren ondorioz, fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki dute patronatuko kideek, bai eta hedatze lanaren lekukoa Euskaltzaindiak har dezan proposatzea ere. Fundazioa amaitutzat eman arren, Villabonako Subijana Etxeak Xepelar Dokumentazio Zentroaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza izaten jarraituko du aurrerantzean ere.
Hartutako erabakiak Ahozko Lantegiaren eta Bertsozale Elkartearen proiektuak fisikoki banatzea dakar eta, Mintzolako kide diren erakunde eta eragileek hala adostuta, "ahozkotasunaren lanketa beste modu batera bideratzea" ekarriko du. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Villabonako Udala, UPV/EH eta Kutxa Fundazioa bat etorri dira Mintzola Fundazioak euskarari eta euskal kulturgintzari egindako ekarpena azpimarratzeko garaian, urte hauetan guztietan hamaika ikerlan eta proiektu sustatu dituelako. Aldi berean, eragile guztiek bere esker ona adierazi nahi izan diete urte hauetan guztietan Ahozko Lantegian lanean jardun diren pertsona eta eragile guztiei, izan teknikari, aditu, ikertzaile, herritar nahiz erakunde.
Erreleboa
Fundazioa desegin eta Ahozko Lantegiaren jarraipena Euskaltzaindiaren esku lagatzeko proposamena hobetsi dute patronatukideek, aho batez. Eta Euskaltzaindiak baietza eman ostean, inplikatutako eragileek, euskarazko ahozkotasunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena eman asmoz, prozesu bat abiaraziko dute irailetik aurrera, errelebo horren inguruko baldintzak “modu egokian eta adostuan” gauzatu ahal izateko.