Ermuaranerrekako espezie autoktonoen kopurua handitzeko egin dituzten lanen berri eman du Aldundiak

Barren.eus 2021ko uzt. 27a, 14:50

Ermuaranerrekaren iragazkortasuna hobetzeko eta bertako espezieentzat joan-etorrietarako erraztasunak handitzeko hainbat lan egin dituzte azken urteetan, eta, horien bidez, erreka ibilguaren ia zazpi kilometro berreskuratu dira.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak azaldu du bera buru den departamenduak 15 jarduketa egin dituela Ermuaranerrekan. "Oztopoak kentzeko jarduketa horien bidez, helburu bikoitza lortzen dugu: ibaiko ekosistemaren kalitate globala hobetzea eta ibaietan dauden espezie autoktonoen kopurua handitzea", adierazi du gaur Elgoibarrera egin duen bisitan. Aipaturiko jarduera horiek azaltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai eguen honetara arte Kultur Etxeko erakusketa gelan. Asensio Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosekin batera etorri da, eta Elgoibarko alkate Ane Beitiarekin eta Josu Arraiz Hirigintzako zinegotziarekin batera bisitatu dute erakusketa.

Ane Beitia alkateak “oso positiboki” baloratu du ekimena: “Ingurumenaren zaintza funtsezko lan-ildoa da guretzako. Gure ingurunea babestu eta sustatu behar dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ermuaranerrekan kendutako oztopoek ingurua berreskuratzeaz gainera, bertako espezieen sustapena ekarriko du ere. Ondorio zuzena du honek herriaren garapen ekologikoan eta aldaketa klimatikoan ere. Keinu txiki asko batuz egiten dugu aurrera, eta herri garatu bat du jomuga, baina beti, gure baliabide naturalekiko errespetuan. Jardun honekin ere, herritarrei, gure ibaiak zaintzeko deia luzatzen diegu, zaborrik bertara ez botaz, hori ere gure espezieen biziraupenerako traba baita. Herritarrak arduratsuak dira gaiarekiko -berretsi du alkateak-, baita belaunaldi berriak ere: horren erakusle dira hilabeteak atzera Maalan edota Giza Eskubideen parkean zaborra ibaira ez erortzeko ezarritako saretak ikasleek egindako eskaera bati erantzunaz. Emaitza handiak ekintza txikien batuketa dira, eta hau beste bat gehiago da ingurumena babestu eta bultzateko bidean”, esan du Beitiak.
Departamentuak Ermuaranerrekan egin dituen jarduketek ibaiaren luzetarako iragazkortasuna hobetzeko beharrari erantzuten diote, hau da, arrainak errekan zehar, goi aldetik hasi eta Deba ibaian urak isurtzen dituen arte, bi norabideetan (gora eta behera) ibiltzea eragozten duten oztopoen hesi-efektua desagerrarazteko beharrari.
Guztira, 15 jarduketa egin dira; horietatik 13tan presa txikiak eraitsi dira, eta beste bi kasutan arrapalak egitea erabaki da, arrainen nabigagarritasuna errazteko. 15 jarduketa horiek 250.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, horiei esker Ermuaranerrekaren 7 kilometro iragazkortu ahal izan dira eta, guztira, 10 kokalekutan egin dira (ikus mapan):

2021 07 27 ermuaranerreka jarduerak planoan

2021 07 27 sallobente erreka aldundia nabigarritasuna panela

2021 07 27 sallobente erreka aldundia nabigarritasuna asensio

2021 07 27 sallobente erreka aldundia nabigarritasuna erakusketa agintariak

2021 07 27 sallobente erreka aldundia nabigarritasuna erakusketa asensio beitia