Edukiontziak erre dituzte goizaldean Arregitorre kalean, hirugarrengoz

Barren.eus 2021ko ira. 7a, 10:44

Arregitorre kalean dauden hainbat edukiontziri su eman diote ezezagun batzuek goizaldean, eta ondoko etxebezitza eta autoak kaltetu ditu suak. Elgoibarko Udalak eta Debabarreneko Mankomunitateak era honetako ekintzek ordena publikoaren aurka sortzen dituzten kalteak salatu dituzte.

 Denbora tarte laburrean hirugarrengoz eman diete su Arregitorre kaleko edukiontzi gune honi, azkena joan den abuztuaren 27an. Oraingoan, baina, handiagoak izan dira suak eta keak eragindako kalteak. Sare sozialen bidez zabaldu diren herritarren bideoetan ikus daitekeen moduan, indar handia hartu zuen suak, eta edukiontzietako plastikoa erretzearen ondorioz sortutako ke beltzak etxebizitzan gora egin zuen. Gaur goizean agerikoak ziren kalteak, auto bat erreta, eta etxebizitzaren pareta belztuta ikus zitezkeen egun argitan.

Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, hirugarren aldia da edukiontzi eremu honi eraso egiten diotena, eta horrez gain, herriko beste edukiontzi batzuk ere erre dituzte azken egunotan. Aurrekoetan suak indarra hartu baino lehenago baretu edo amatatu ahal izan dituzte Udaltzainek eta suhiltzaileek, baina oraingoan ezin izan zioten suaren indarraren aurrean gehiagorik egin, "abixua jaso eta berehala gerturatu baginen ere". Ertzaintzarekin elkarlanean gertaturikoa ikertzen ari direla esan dute Udaltzaingotik, eta herritarren laguntza eskatu dute. Era berean, udaltzaingoitik eskerrak eman dizkiote Arregitorreko bigarren erasoan Otzak tabernako su-itzaltzailea hartuta sua itzaltzen alegindu zen herritarrari.

 • Gaitzezpen mezua
Elgoibarko Udaletik eta Mankomunitatetik jakitera eman dutenez, zazpi edukiontzi kiskali dituzte. Biek gaitzetsi dute gertakari hau, eta adierazi dute "ordena publikoaren aurkako mota honetako ekintzek sortzen dituzten kalteak eskualde osoan eragiten dutela, bai kalte materialen kostuari dagokionez eta baita elkarren arteko bizikidetzan eta errespetuan".

 • 4.000 euroko kalteak
Erre diren bi autoak eta etxebizitzaren fatxadan eragindako kalteak kontuan hartu gabe, azken suteak 4.000 euroko kalteak eragin dituela jakinarazi du Mankomunitateak: “Albotik kargatzen diren zabor edukiontziak 1.100 euro balio ditu eta iglu formako bakoitzak 600, beraz, 4.000 bat euroko kostua izan du azken sute honek”.

 • Lekuz aldatuko dituzte, denbora batez
Mankomunitateko beharginek gaur goizean kendu dituzte erretako edukiontziak, eta berriak ipini dituzte. Dena den, bihar lekuz aldatuko dituzte denbora batez. Hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziak lehen zeuden lekuan lagako dituzte, baina gainerako edukiontziak kale berean, institutuko sarrera parean ipiniko dituzte denbora batez, "horrelako gertakaririk berriz gertatuko balitz kalteak gutxitzeko".
Mankomunitateak barkamena eskatzen du aldez aurretik antolamendu honek bizilagunentzat sor ditzaken eragozpenengatik. Era berean, edukiontzien puntuaren jarraipena egingo dutela azaldu dute, eta, bart gaueko gertakariak errepikatzen ez badira, edukiontziak berrantolatzeko aukera egongo dela.

2021 09 06 suhiltzaileak lanean edukiontziak erre

2021 09 07 edukiontziak erre arregitorre elgoibar autoaerreta

2021 09 07 edukiontziak erre arregitorre elgoibar b1

2021 09 06 edukiontziak erretzen elgoibar arregitorre 1b