Joan zen maiatzaren 6tik zabalik daude Urazandiko igogailu publikoak. Udalak 549.022,21 euroko inbertsioa egin zuen igogailuak eraikitzeko, eta kopuru horren %54a jasoko du orain Eusko Jaurlaritzatik, diru-laguntza ematea onartu baitu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailak, 300.000 euroko laguntza, hain justu ere. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren 2020 ekitaldirako, udalentzako, tokiko erakunde autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzen deialdira aurkeztu zuen Udalak. Funtsa irisgarritasun-planak egin eta eguneratzea eta hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egitea du.
Elgoibar irisgarriagoa egiteko martxan dituen gainerako egitasmoen berri ere eman du Udalak. Arreiture-Erretsundi batuko dituen igogailua eraikitzeko lanak martxan daudela adierazi dute udal arduradunek. Igerilele berriaren ondoan dihardute igogailua eraikitzen. Era berean, Errotaberrin ere eskailera mekanikoak ordezkatzeko igogailua ipiniko dutela gogorarazi dute. Horiez gainera, jakinarazi dute, King Kong-eko zubia eraberritzeko lanekin hasi ahal izateko hartu-emanetan URA ur agentziarekin: "datozen hilabeteetan lizitatuko da exekuzio proiektua, proiektua idazten hasteko".
∞Lotura duten albisteak: