Hamahiru urte joan dira .eus domeinuaren proiektuak lehen urratsak egin zituenetik. Munduan katalanez jarduten duen Interneteko komunitatearen bilgune izateko sortu zuten .cat domeinua izan zuten eredu bultzatzaileek, eta prozesu bera jarraitu zuten. 2001ean kataluniarrek egin bezala, 2008an, PuntuEUS elkartea eratu zuten hemen, euskararen eta euskal kulturaren komunitatea egituratzeko. 58 elkarte eta erakunde batu ziren elkartean, eta 2012an, PuntuEUS Fundazioa sortu zuen elkarte horrek, Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporaziori (ICANN), munduan Internet kudeatzen duen erakundeari alegia, .eus domeinua sortzeko eskatzeko. Eskaria aztertu eta urtebete geroago eman zuen baietza ICANNek, 2013ko ekainaren 14an.
Gaur, badirudi .eus betidanik egon dela, proiektua errotua dagoelako eta asko hazi delako azkeneko urteetan, baina abian 2014an jarri zuten. Eta egun, domeinu hori kudeatzen duen PuntuEUS fundazioak Elgoibarren dauka egoitza nagusia. “Guk ez dugu domeinua saltzen hemen. Domeinuak saltzen dituztenak nazioarteko multinazionalak dira, eta horietako bakar bat ez dago Euskal Herrian. Guk hitzarmenak sinatzen ditugu horiekin eta domeinuaren zaintza, kudeaketa eta sustapen lanak egiten ditugu”, esan du Josu Waliño zuzendariak euren egitekoaz. Era berean, euskarak sarean eta ingurune digitalean presentzia handiagoa izateko proiektuak ere sustatzen dituzte Elgoibartik. Euskadi Irratian, esaterako, irratsaio bat du PuntuEUS fundazioak, eta blog bat ere badute. Era berean, gaztetxoek webguneak euskaraz sortzeko lehiaketa ere sortua dute, Kaixomundua.eus, eta aurten, EHUrekin, Aldundiarekin eta Danobaten laguntzarekin, Gladys Saria lehiaketa ere jarriko dute martxan, ingurune digitalean emakumeek egiten duten lana saritzeko eta aintzatesteko.
- Irakurri osorik BARREN aldizkariko 1215. zenbakian -PDF-