Udaletik jakinarazi dutenez, asko dira landa eremuetan bizi diren herritarrak edo-eta egunerokoan bertako bideetatik pasatzen direnak, eta Udalak horien "bizi kalitatea" hobetu nahi du lanokin: "baserri bideak biziberritzeko eta horien egungo egoera hobetzeko lanak jarri genituen martxan udan. Bertan bizi diren medaroarren bizi-kalitatea dugu helburu, eta baita ere ingurumenaren zaintza eta egoera ona bermatzea", azaldu dute.
• Alkortako bidean, konponketak eta zabalguneak
Lanen inguruko xehetasunak ere eman dituzte. Alkortako baserri bidea da Udalak konpondu duen bideetako bat: zoruan behera eginda eta pitzatuta zeuden lekuetan asfaltozko partxeak jarri dituzte zorua berdintzeko. Era berean, bi pasabide kanadiar kendu dituzte, eta zortzi zabalgune egokitu, kotxeak gurutzatzerako leku nahikoa egon dadin. Alkorta bideko lanak Probisa vias y obras SL enpresak egin ditu eta inbertsioa 37.474,46€ eurokoa izan da.
• Sahatsuko bidean, zoladura konponketak eta areken hobekuntza
Sahatsuko baserrirako bideari dagokionean, Ospas gain baino lehenago dagoen arrapalan ari dira lanean. Bertan, hautsita zegoen hormigoizko zorua kenduko du Udalak, todouno (harri legarra) bota eta asfaltatu egingo du. Kuneta edo arekak ere hobetuko dituzte. Obra Excavaciones y obras Diego SL enpresa ari da egiten eta 49.179,97 euroko inbertsioa aurreikusten da.
• Belortzakirako bidean, euri urak jaso eta errekara bideratu
Belortzakira baserriko bidean ere hobekuntza lanak egin ditu Udalak. Euri urak luiziak eragiten zituen, beraz, hodi batean jaso dituzte eta Iturrondo baserriko lursailetan zehar Goikola errekara bideratu dira. Lanak Bergaretxe enpresak egin ditu, 7.706 (BEZ kanpo) euroren truke.
Hona egin dituzten zenbait lan, irudietan: