Kale hezitzaileen lanaz eta haien egiteko moduaz galdetu diogu idatziz Mari Mar Jimenez psikologo eta gizarte hezitzaileari, baita pandemiak utzi dituen ondorioez ere.
• Zer harreman du Kalexkak Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailarekin edo gizarte zerbitzuekin?
Elgoibarren, 2014. urtean jarri zuten martxan arrisku eta bazterketa egoeran dauden gazteei zuzendutako gizarteratzeprozesuak detektatzeko eta sortzeko esperientzia pilotua. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Departamentutik eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen gizarteratzean eta arretan esku hartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzutik bultzatu zuten. Programa horrek hainbat esperientzia arrakastatsu ekarri zituen, bai gizarte eta hezkuntza laguntzari eta prestakuntza-edukien garapenari lotutakoak, bai lankidetza-sareak eta koordinazio-guneak sortzearekin lotutakoak. Debegesak eta IMHk lagundu zuten hasiera batean. 2017an etorri zen gero herriko haur, nerabe eta gazteei zuzendutako zerbitzu berria, eta gaur egun bi zerbitzu daude martxan: batetik, ingurune irekian esku hartzeko programa, haur, nerabe eta gazteentzakoa dena, eta bestetik, bazterketa arriskuan dauden helduei laguntzekoa. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen dituzte biak.
• Zein da kale hezitzaileen zeregina? Zer balio lantzen ditu kale-hezkuntzako programa batek?
Ingurune Irekian hezteko Programaren funtzio nagusia zera da: adingabeen arriskuegoerak edo babesgabetasun egoerak prebenitzea, hautematea eta esku hartzea, bai eta helduen bazterketa egoerak antzematea ere. Beren harreman-eremuak aztertzen dira, integrazioa lantzeko ingurune guztietan: familia, eskola eta lanarloa, aisialdia eta denbora librea.
• Zein adinetako jendearekin egiten dute lan hezitzaileek? Generoaren ikuspegitik ba al dago alderik erabiltzaileen artean?
Ingurune irekiko programan haur, nerabe eta gazteekin lan egiten dugu, 11 eta 18 urte bitartekoekin. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden helduei laguntzeko programan, berriz, helduekin, adin mugarik gabe. Generoaren ikuspegitik esan behar dugu oraindik ere zailtasun egoera gehiago detektatzen direla gizonezkoetan emakumezkoetan baino, beren espazio ohikoena kalea delako eta ondorioz beren jokaerak agerikoagoak direlako. Hala ere, azken urteetan murriztuz doa alde hori. Neska eta emakumeen kasuan ez da hain erraza zailtasun egoerak antzematea, ez direlako horren agerikoak, eta beraz, beste estrategia batzuk landu behar dira egoera horiek antzemateko eta ondoren esku hartzeko.
• Zein da Elgoibarko egoera soziala? Zeintzuk premia dituzte gazteek?
Osasun-alarmak eragina izan du eta aldatu du Elgoibarko errealitatea, baina hori albora lagaz gero, esango nuke hemengo errealitatea ez dela oso ezberdina eskualdeko gainerako udalerrietakoarekin alderatuta. Nor izatearekin edo ahalduntzearekin eta gizarte- garapenerako gaitasunak eskuratzearekin lotutako helburuak lantzen ditugu bereziki. Maila pertsonaleko beharrak, harremantzeko zailtasunak eta egiturazko premiak dituzte gazteek.
• Zein da kale hezitzaileen lan dinamika: non eragiten dute, kuadrilletan?
Beharrak detektatu, baloratu eta esku hartzeko prozesuak proposatzea da haien lana, eta bakarka nahiz taldean lan egiten dute behar horiek lantzeko. Hezkuntza-laguntzaren eta tutoretzaren bidez lantzen dute bakarka, baina pertsona horren lagun-taldean edota adinkideekin ere egiten dute lan. Kontua ez da bakarrik pertsonarekin esku hartzea, baizik eta ahalik eta esparru normalizatuenean erantzutea, lagun-taldean, horretarako dauden beste baliabide eta sistemekin. Integrazio egoki baterako, pertsonak garatzen diren testuinguruetara egokitu behar dira, eta, aldi berean, testuinguruak ere egokitu behar dira pertsonara.
- ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1217. zenbakian -PDF-