Pandemia hasi aurreko ikasturtean, 2019-2020an, 426 ikasle aritu ziren eskola kirolean, hortaz, pandemiaren eragina oraindik agerikoa dela nabarmendu dute Elgoibarko Eskola kiroleko arduradunek. Bost monitorerekin hasi dute aurtengo ikasturtea.
Eusko Jaurlaritzak normaltasunez hasteko aukera eman dien arren, pandemian jarraitzen dugula eta segurtasun neurriak betetzen jarraitzea ezinbestekoa izango dela zehaztu dute. Hala, Eskola kiroleko kontseiluak, hainbat neurri hartzea erabaki zuen, besteak beste, aurten astean bi saio eskaintzea (aurreko ikasturtean saio bakarra egiten zuten asteko). Aurreko ikasturteko programa mantenduko dute, eta "momentuz" ez da lehiaketarik egongo asteburuetan. Gela egonkorrak mantentzeko saiakera egingo dute, "nahiz eta malgutasuna egongo den maila bereko haurrak elkartzeko, taldeak antolatzean sor daitezkeen oztopoei aurre egiteko". Ekintzak osasun neurriak hartuta antolatuko dituzte: musukoa erabiliz eta kontaktuak ahalik eta gehien saihestuz. "Baldintza eta protokolo guztiak betez, kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen saiatuko gara", adierazi dute.
• Aurtengo funtzionamendua
Eskola kirolareko parte hartzaileek jarraitu beharreko saioetarako gida modukoa osatu dute, hainbat neurrirekin:
- Kirol instalazioetan sartu eta irteteko seinaleak errespetatu behar dituzte ikasleek.
- Sarrera: Monitoreak jasoko ditu ikasleak instalakuntzaren kanpoan:
Ikastolan: frontoiko sarreran.
Herri eskolan: ikastetxeko kanpoko atean. - Irteera: Monitoreak jaso dituen lekura eramango ditu ikasleak.
- Saioetara eraman beharrekoa: toaila txiki bat, gel hidroalkoholikoa, eguneko musukoa gordetzeko zorroa, musuko ezberdina jarduera egiteko eta ur botila bat.
- Musukoa uneoro eraman beharko dute kirola egiten den bitartean.
- Eskuak xaboiarekin garbitu beharko dituzte, jardueraren aurretik eta ondoren.
- Ahal den guztietan, 1,5 metroko distantzia mantendu behar dute gainerako ikaskideekiko.
- Ahal den neurrian, ez dituzte partekatu behar materialak, arropa eta botilak.