Gaurtik aurrera hartu daiteke gripearen aurkako txertoa hartzeko zita

Barren.eus 2021ko urr. 18a, 12:05

Gripearen aurkako txertoa hartzeko zita har dezakete, gaurtik aurrera, arrisku taldeetako eta 70 urtetik gorako herritarrek. Gainontzeko biztanleek azaroaren 15etik aurrera izango dute aukera.

Martxan da Osakidetzaren gripearen aurkako kanpaina, "Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa" lelopean. Urte eta erdi baino gehiagoan euskal gizarteak Covid-19ari aurre egiten egindako ahalegina gogorarazten duen mezua dela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Jakitera eman duenez, gripearen aurkako 2020ko kanpainan 2019koan baino %34 gehiago jarri zuten txertoa. Hori dela eta, sailburuak azpimarratu du gripeari aurre egiteko dugun babes neurri nagusia dela txertoa, eta, horregatik, txertoa hartzera animatu ditu herritarrak.

Aurtengo kanpainaren helburua da pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere. Hori dela eta, iaz egin zuten bezala, arrisku-kolektibo bakar batekoak ez diren biztanleek ere hartu ahal izango dute txertoa, betiere txertoak eskuragarri badaude. Hala ere, azaroaren 15erako zita hartu arte itxaron beharko dute, lehentasuna izango baitute arrisku-talderen batekoak direnek, alegia:

  • 65 urte edo gehiagoko pertsonak
  • Patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesa…)
  • Haurdun dauden emakumeak
  • Osasun-arloko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak
  • Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaio jartzen txertoa)

Horiei guztiei, Osakidetzak, nahi izanez gero, txerto tetrabalente bat jarriko die, helburua baita gripearen aldaeretatik gehiago babestea. Osakidetzak 651.333 dosi eskuratu ditu guztira, eta, behar izanez gero, %20 dosi gehiago har ditzake.

 • Bi aukera zita hartzeko
Txertoa jartzeko zita hartzeko, Osakidetzak bi bide ematen ditu aukeran:

  1. Alde batetik, Osakidetzaren web orriko Aurretiko zita atala: www.osakidetza.eus
  2. Osasun-zentrora deitu eta 2. tekla sakatu lokuzioa entzun ondoren.

Zita hartzean txertoa non emango den adieraziko da; batez ere, Osakidetzako osasun-zentroak izango dira.

 • Maskara erabiltzea
Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute gripea prebenitu daitekeela hainbat neurri betetzen badira, besteak beste, eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea. Osasuneko sailburuak bereziki azpimarratu du maskararen erabilera, “giltzarria” izan baitzen iaz gripearen birusa ez hedatzeko. Zentzu horretan, euskal gizarteari eskatu dio dudarik gabe erabil dezala, bereziki leku itxietan eta gripe-sintomarik izanez gero.

 • COVID txertoaren hirugarren dosia
Koronabirusaren izurriak izango du eraginik gripearen txertaketan. Izan ere, COVID-19aren aurkako hirugarren dosia hartzeko aukera ere egongo da. Aukera hori, baina, 70 urtetik gorako pertsonentzat, eta COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso dutenentzat egongo da baliagarri.

2021 10 18 gripea kanpaina osakidetza kartela