Gazteako maketa lehiaketako finalisten artean da Muzak taldea

Barren.eus 2021ko urr. 28a, 08:39

Programaturik diskoko hiru kantu aurkeztu ditu Muzak rock taldeak Gazteako maketa lehiaketara, eta hogei finalisten artean sartu da. Hogei finalistetatik lau pasatuko dira hurrengo fasera; hiru epaimahaiak aukeratuko ditu eta laugarrena herritarrek, bozketa bitartez. Botoa emateko epea azaroaren 4an amaituko da. 

 Ruben Irigoien elgoibartarra da Muzak taldeko bateria jolea, eta Joanes Iñurrieta (Soraluze) eta Aitor Sagarmendi (Mutriku) ditu taldekideak. Rock progresiboaren eta alternatiboaren artean mugitzen dira, Biffy Clyro, Berri Txarrak, Muse edo Kuraia bezalako taldeak erreferente dituztela. Debabarreneko hirukotea Gazteako maketa lehiaketako finalistetako bat da, eta hogei finalistetatik lau pasatuko dira finalera. Lau horiek zuzenean joko dute eta emanaldi horretan epaimahaikideak egongo dira. Zuzeneko horretan oinarrituta, Gaztearen XXX. Maketa Lehiaketako irabazlea zein den erabakiko dute. Finala azaroaren 25ean izango da.

Hirukotearen hiru kantu entzungai daude lehiaketaren web orrian eta gustukoenaren alde bozkatzeko aukera zabalik dago, azaroaren 4ra bitartean. Botoa eman daiteke HEMEN klikatuta.

Hiru sari

Hiru sari izango dira: 

  1. Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro dirutan gehi BBK LIVE-n jotzeko aukera. 
  2. GazteBizhitza saria (Entzuleen saria): 2.500 euro dirutan.
  3. Harrobia Saria. Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera. 

Zazpi kantu ditu Muzak taldearen lehen diskoak. Programaturik du izenburua eta rock alternatibo eta modernoa lantzen dute.  Plataforma digital guztietan dago entzungai, baina diskoa fisikoki ez dute atera, momentuz.