Urriaren 4an eta 5ean LH4tik LH6ra arteko ikasleekin bildu zen ikastolan eta urriaren 14an gurasoentzako saioa eskaini zuen udaletxean.
• Azalduguzu: zer da ‘Gure aukera, guk 16’?
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan sortutako ekimena da. Hilean behin guraso eskolak ematen ditut han Bidelagunetik eta gai asko lantzen ditugu, tartean hau. Halako saio baten ondoren elkartu ginen guraso talde bat, kezkatuta geundelako gure semealabek sakelakoez egiten zuten erabileraz. Eta talde horretan ama gisa parte hartzen dut orain, baina profesional gisa ere ari naiz gai hau lantzen, herriz herri, eskolaz eskola.
• Zergatik 16?
Hala proposatzen dutelako adituek. Silicon Valleyko aditu horiek guztiek ez diete euren seme-alabei inolako pantailarik eman nahi Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hasi arte. Eta askok telefono propiorik ere ez diete erosten 16 urte bete arte. Ikertuta dago kontua. Neurologoek esaten digute kortex prefrontal hori ez dela guztiz ixten 25 urte bete arte, alegia nerabezaroan burmuina berreraikitzen ari dela eta inpultsoen kontrola, planifikazioa... eraikitzen ari direnez, zaila zaiela inpultso askori eustea. Zer gertatzen zaigu guri whatsappa joka entzuten dugunean? Askotan ezin izaten diogu eutsi begiratu gabe, ezta? Ba nerabeei ia ezinezkoa zaie, euren burmuina ez dagoelako prestatua. Ikerketa askok diote soinu horiek edo like horiek jasotzen ditugunean dopamina sortzen dela gure burmuinean. Hau da, kokainaren efektu berbera sortzen dela eta horrek menpekotasuna dakarrela. Eta horren eragina ari gara igartzen. Haur Hezkuntzako irakasleek eurek ere esaten dute gero eta zailagoa zaiela ipuin bat kontatzea, haurrei kosta egiten zaielako arreta mantentzea.
• Izenburua irakurrita deseroso sentituko denik ere izango da, ala?
Bai. Aitortzen dugu nahita jarri geniola izenburu zirikatzailea egitasmoari. 16 urtera arte ez dugu gure seme-alabek telefonorik izaterik nahi. Ez, ez dugu nahi, baina horra iritsi aurretik gauza asko daude egiteko eta horietan jarri nahiko genuke arreta. Iruditzen zaigu kontzientziazio falta handia dagoela familietan eta gehiago hitz egin beharko genukeela etxeetan gai honen inguruan. Pedagogia egitea falta da, baina abiapuntua zehaztu behar genuen eta horixe erabaki genuen: atzeratu dezagun ahal den gehien seme-alabei sakelakoa ematea.
• Zer lortu duzue bi urte hauetan?
Gauza politak. Gaur, Salbatore Mitxelenan DBH 2n dauden ikasleetatik hamahiruk oraindik ez dute sakelakorik. Eta DBH1en, hamabostek bakarrik izango dute, eta guztira 72 bat dira. Kontzientziazio lan horri esker, gainera, ikasleak eurak ere konturatu dira beharbada telefonoa horren goiz eskuratzea ez dela hain guaia. Baina ekimen hau ez da gure eskolara mugatzen; ari da beste herri eta eskola batzuetara zabaltzen.
• LH4, LH5 eta LH6ko ikasleekin bildu zara Mendaron. Zer jaso duzu haiengandik?
Egunero-egunero erabiltzen dituztela teknologia hauek, eta kasu batzuetan, gehiegi. Nabarmena da, gainera. Aurkezpeneko une batean bideo-joko ezberdinak aurkeztu nituen eta haur asko zoratu egin ziren ikusteaz batera. Nabaria zen haiengan adrenalina askatze hori. Egia da adin txikiagoetan, LH4n dauden ikasleen kasuan esaterako, gurasoek mugatuago dietela telefonoen eta pantailadun bestelako gailuen erabilera, baina lasaitze bat etortzen da gero familietan, eta LH5eko eta LH6ko ikasleek libreago erabiltzen dituzte telefonoak eta besteak
• 16 urtera arte sakelakorik ez. Haur eta nerabe askok ez dute ulertuko. Eta gurasoek?
Guraso askok ere ez dute ulertzen; hori hala da. Baina guk geuk ez badugu hausnartzen nola erabiltzen ditugun telefonoak eta zer harreman daukagun haiekin eta bestelako pantailekin, nekez jabetuko gara zer nolako erreminta boteretsuak eta arriskutsuak ematen ari gatzaizkien gure seme-alabei. Gurasoengan eta familiengan eragitea da hemen gakoa, gure esku dagoelako, askotan konturatzen ez bagara ere. Askotan, gainera, guk uste baino errazago ulertzen dute gure semealabek mezua. Gaur egun, askori irudituko zaie 16 urtera arte atzeratzea gehiegi dela, baina lortzen badugu 12 urterekin erosi beharrean 14 urterekin erostea lorpen ikaragarria izango da. Gure semealabek ikusten baldin badute beren ingurukoek ez dutela, eskatu ere ez dute egingo. Guk, gurasook, sortzen diegu behar hori, eta horrek ematen digu indarra pentsatzeko giltza ere geuk dugula.
• Etxean asteburu bat telefonorik gabe pasatzeko proposatzea eskatu diezu ikasleei gelan. Zigor traza hartuko zioten batzuek.
Nik ez diet zigor bezala planteatzen. Haurrei eurei ere esan nien guraso askok eskertu ere egingo zutela esperimentu hori. Eta gaur, horixe galdetuko diet gurasoei: ea proban jarri duten esperimentua eta nola sentitu diren. Nik beti gomendatzen dut gutxienez asteburuak eta oporraldiak pantailarik piztu gabe pasatzea. Ez gara ohartzen, baina gailu hauek sekulako denbora pila kentzen digute. Eta hori baino larriagoa dena: ikustekoa da pantailen erabilerak zenbat eskasten duen familia-giroa eta etxekoen arteko harremana. Ikaragarria da: kentzen duzu telefonoa ekuazio horretatik eta harremana beste bat da! Ez sinistekoa da.
• Zergatik erosten dizkiegu telefonoak gure seme-alabei? Zer adinetan erosten dizkiegu?
Gu geu lasaiago egoteko eta gure semealabak bakarrik geldi ez daitezen, ez dadin gurea izan telefonoa eskuratuko duen azkena lagunartean. Hori da esaten duguna, baina bada aitortzen ez dugun arrazoi bat ere: uneoro seme-alabak non dauden kontrolatu nahi dugula. Beldurraren kulturan bizi gara eta dena arriskua ikusten dugu. Ikasleekin bildu naizen egunotan, baina, galdetu diet honi buruz ere. “Mendaron zerbait gertatuz gero, zer? Eta ez zuten arazorik ikusten. ‘Mendaron denok ezagutzen dugu elkar’ esan zuten, iradokiz topatuko luketela zeinek lagundu. Mendaro herri txikia da, eta ez dute telefonorik behar. Hala onartzen dute eurek ere, premiarik ez dutela, gehienek nahi duten arren. Askok, gainera, badute smartwacha, deitzeko balio duen erlojua. Gurasoekin komunikatzeko nahikoa da hori, baina adierazgarria da ikustea zein gutxi erabiltzen duten deitzeko.
• Zertarako erabiltzen dituzte telefonoak gaztetxoek?
Oso kuriosoa da. Ez dute erabiltzen gurasoei deitzeko. LH4n eta LH5en, beharbada, bai, baina hortik gorakoek sekula ez dute erabiltzen gurasoei deitzeko. Sare sozialetan ibiltzeko eta jolasteko erabiltzen dituzte.
• Nola ematen diegu telefonoa?
Askotan, oparitzat, baina nik ez nieke sekula telefono bat oparitan emango. Opariak ez dira baldintzapean ematen. Aldiz, gure seme-alabei telefonoak erosten dizkiegunean, sarri gurasoen kontrolerako aplikazioren bat instalatzen diegu egiten dutena zaintzeko, edota bestela, baldintzak jartzen dizkiegu: ez erabili ordu honetatik aurrera, ez deskargatu halakorik... Esango nuke aurrez lanketarik egin gabe ematen zaiela sarri telefonoa. Gurasoentzako erronka handia da hau, besteak beste guk ez dugulako ezagutu mundu hau gure gazte garaian. Guk geuk nola erabiltzen dugu, esaterako, whatsappa? Gogoeta handia daukagu egiteko. Zenbatetan gertatzen zaigu soinua entzun eta berehala jaiki beharra zer den ikustera? Zenbatetan esan diogu gure arreta behar duen umeari itxaroteko whatsappari begira gaudelako?
- Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariaren 1220. zenbakian -PDF-
Hona Arno Guraso Elkartekoek Miren Rosi eginiko elkarrizketa, bideoan: