Olatzeko (Mutriku) Urrestieta baserriko arto-saila ebagitzea izan zuten lehenengo lana. Harekin osatu zutelako ibilbidea, plastiko beltzez ilundutako elizpeko hormez barrura. Bidean, mamu eta sorgin, dozena bat pertsonaia beldurgarrirentzako lekuak atondu zituzten, eta haien artean katu beltz bat ere ezkutatu zuten. Izan ere, gauaren iluntasunean, huraxe topatzeko erronka jarri zieten arnokideek haur eta gurasoei. Katu beltza, Mendaroko katasorginaren omenez.
Horretarako, haitzuloa zabaldu aurretxoan, Katasorginaren ipuina kontatu zien arnokide batek Garagartzara batu zirenei. Mendaroko santanak hasi ohi dituen pertsonaia da Katasorgina eta haren inguruko ipuina Jose Migel Barandiaranen liburuan jasoa dago. 1925. urtean Sasiolako Simon Ansolari entzun zion ipuina Barandiaranek, baina Mendaroko Aran Errekako baserrietan, Etunpekoetan eta Bustinballekoetan ere kontatu izan dute ipuina. Ipuinak dio Lizundia baserriko emakumeei katu bat agertzen zitzaiela gauero bazterrak nahastera, goruetan ari zirela. Hala, etxeko gizonari kontatu ei zioten emakumeek eta hura, katua harrapatzeko asmotan, jarri ei zen gau batez artilea iruten, emakume arropak jantzita. Gauean, ohi legez, agertu zitzaien katua eta galdetu ei zion gizonari: "Bizarra eta goluetan?”, eta gizonak erantzun: “Katua eta berbetan?”. Eta hartu ei zuen gizonak katua eta bota ei zuen hormaren kontra. Biharamunean, Mendaroko Sillerueneko emakume edadetu bat besoa hautsita esnatu ei zen. [Garai batean Arboleta taberna zegoen lekuan zegoen kokatua Sillerueneko etxea, Garagartzan].
Adi-adi entzun zuten haurrek ipuina, eta haitzuloan katua topatzeko erronka jarri zien emakume edadetuaren paperean ari zen arnokideak. Erronka entzun zuten, baina bukaeran, bakarren batzuk baino ez zuten aitortu katua ikusi izana. Beldurrak arinak ditu hankak, eta haitzulotik lehenbailehen irtetea lehenetsi zuten gehienek.
Arno guraso elkartetik eskerrak eman dizkiete domekan haitzulora gerturatu zirenei, bai eta aurrez, arratsaldean, frontoian antolatu zituzten jolasetara gerturatu ziren guztiei ere. Eta esker on berbak izan dituzte baita ere, haitzuloa prestatzen lagundu zietenei, bai eta egunean bertan pertsonai beldurgarrien azalean jarri zirenei ere: Urrestieta baserriko Andonegi-Astorkia sendia, Azibar Iraolagoitia, Yulia Prokopenko, Irantzu Urkia, Maitane Arrinda, Vanesa Mateos, Helenka, Anuska eta Lukene Revert, Haizea Aranbarri eta Ainara Txurruka.
Argazkiak, hemen