2022rako tasak eta zergak izoztea erabaki du Mendaroko Udalak, salbuespen batzuekin

Barren.eus 2021ko aza. 3a, 16:30

Mendaroko Udalak 2022rako ordenantza fiskalak ez igotzea erabaki du, bi salbuespenekin.

%1,5 igoko dituzte Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga.

Azken hilabeteetan Covid-19aren krisiak eragindako bilakaera ekonomikoa aztertu ostean hartu du erabakia Udalak, eta erabaki horrekin batera, 2021eko zerga-onurak, hobariak eta gaur egungo zergadunei ordaintzeko erraztasunak mantentzea adostu dute.
2022an familia ugariek %90 arteko hobaria izango dute Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, estreinakoz.
Mendaroko Udalak irisgarritasun eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, eta bide horretan, Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zergan honako hobariak izango dituzte mendarotarrek eskura lehenengoz: Kuotaren %80ko hobaria izango dute, eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak aurreikusiko duten obrek eta obra-zatiek, eta kuotaren %50eko hobaria izango dute babes ofizialeko edo bereziko erregimenean egingo diren etxebizitzen promozioek. Hobaria, %25ekoa izango da etxebizitza tasatuko erregimenean egiten bada.
Udalbatzak, bestalde, tarifa berria onartu du auto-taxi zerbitzurako: Gipuzkoako Taxi Elkarteak proposatutako igoera kontuan hartuta, 2022rako igoera % 2,9koa izango da. Informazio guztia www.mendaro.eus webgunean kontsultatu daiteke.

 • Iñaki Arregi: "Udala egoera finantzario oso onean dago"
Hobera doan arren, egoera pandfemiko oso gogor batetik gatozela nabarmendu du Mendaroko alkate Iñaki Arregik, eta herritarra babestu eta herriko autonomo, enpresa txiki zein ertainak laguntzea dela euren lehentasuna. "Administraziotik traktore izan behar dugu herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetu eta sustapen ekonomikoa bultzatuz, enpleguaren sorrera lehenetsiz. Zerga eta tasen izoztearekin, hainbat salbuespen konkreturekin, mendarotarrak babestu nahi ditugu. Udala egoera finantzario oso onean dago, eta pandemia hasieratik ezarri genuen Babes Planari jarraipena ematen ari gara honela, mendarotarrei laguntzak emanaz, kasu honetan, eremu fiskalean” azaldu du.