ELA sindikatutik jakitera eman dute joan den urriaren 29an Udalak deitutako komitearen bileran parte hartu zutela. Bi aldeak batu ziren; ELAko langileen ordezkariak batetik; eta, Elgoibarko Udaleko alkatea, idazkaria eta kontu-hartzailea, bestetik. Bilerak bi zati eduki zituela azaldu dute. Lehenengoan RPT delakoa, udal sozietateen lanpostuen zerrendak (LZ), berritzeko zirriborroa izan zuten hizpide. ELAtik esan dutenez, 50 urtetik gorako beharginen plazak bere horretan mantenduko zirela agindu zieten, eta baita ere langile guztiak sartuko dituztela udal sozietateen lanpostuen zerrendan, lanpostuen "egonkortzea" bermatzeko."Egun brigadan dauden langile guztien lanpostuak bermatuko zirela esan ziguten, eta prozesu administratiboa gainditzen ez duten langileek laguntzaile moduan jarraituko dutela".
Brigadako langileen egoera aztertu zuten bileraren bigarren zatian. "Langileek brigadako egoeraren konponbideaz galdetu zioten Udalari bilerako bigarren zatian, eta ez duela ezer egin beharrik adierazi zuten udal ordezkariek. Hala, argi gelditu zen udalarentzat gatazka hau ez dela lehentasun bat", azaldu dute ELAtik.
Nabarmendu dute urtebete pasa dela komitea brigadako beharginen egoerari konponbidea emateko ahaleginean hasi zenetik, "eta Udalaren gelditasunak arazoa epaitegira eta kalera eramatera derrigortu du". Eta berretsi dute Udalak sekula ez duela esan brigadako beharginek arrazoirik ez dutenik, "are gehiago, bilera honetan esan ziguten Udaleko beste sail batzuetan egoera antzerakoak egon daitezkela. Honen aurrean ezin da ulertu Udalaren jokaera, eta oso zaila egiten du bileraren aurreko partean adierazitakoa sinistea, nola da posible hitz polit guzti horiek esatea eta arazo zehatz honi konponbiderik eman nahi ez izatea".
Gauzak horrela, komiteak ELAko atal sindikalerako izendapen berriak egiteko lanean jarraituko duela adierazi du, "langileak batuz, etor daitezken egoera berrieri ahal dan hobekien aurre egiteko, eta langile guztiei informazio zehatza emateko".