‘Erik eta Win’ antzezlanak estreinatuko du gaur Elgoibarko Udalak azarorako prestatu duen kultur agenda. 20:30ean izango da Herriko Antzokian. Sarrerak salgai daude www.herrikoantzokia.eus atarian.
Asier Sotak zuzendutako obran, Ander Lizarralde Jimeno eta Unai Muñoa Amundarain bertsolariak dira emanaldiko gidoi eta ahotsa eta Imanol Atxegak, pianoarekin eta eskusoinuarekin, eta Aitor Atxegak, gitarrarekin, musikaz josten dute emanaldia. Hainbat diziplina artistiko lantzen dituzte lan honetan, hala nola, bertsoa, antzerkia, poesia eta musika.
Sinopsiak dio Erik eta Win edozein izan gaitezkeela, edonorena izan daitekeela biek elkarrekin duten harremana. Horixe baita antzezlanean azaleratuko dena, harreman sinbiotiko baten barruko aldea, "guztioi ezagunak egingo zaizkigun gakoak, bertsoz, antzerki bidez eta umore dosi handiz bilduak”. Informazio osoagoa buhameak.eus