Aurten, Karst and Caves nazioarteko urtea dela eta antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak 'Karst jaialdia: harria eta herria' jaialdia. Debako Zumardian egingo dute, zapatu honetan, azaroaren 6an. 11:30ean hasiko da eta egun osorako programazioa prestatu dute. Batetik, goizean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat geologok eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek hitzaldi laburrak emango dituzte; uraren, klimaren eta lurraren inguruan arituko dira, besteak beste.
Iñaki Perurena harri-jasotzaileak, bestalde, harriaren inguruko gogoeta egingo du, zeinetan bere ibilbideko hainbat pasadizo eta hausnarketa nabarmenduko dituen egingo duen bakarrizketan.
Herri Kirolek ere edukiko dute tartea. Karmele Gisasola Zelai III.a harrijasotzaile mallabiarrak erakustaldia egingo du, eta, bestetik, Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko harri-zulatzaileek kareharrizko blokeak zulatuko dituzte, kolpeka eta metalezko laztabin bati bira emanez.
Azoka berezi bat ere prestatu dute. Zumardian egongo da 09:00etatik aurrera. Bertako produktuak erosteko aukera izango da, besteak beste, Elgoibar eta Debako ekoizleek egiten duten Zortziko eztia.
Bestalde, goiz guztian zehar, Geoparkeko karstaren horma-irudia egiten egongo da Udane Juaristi artista azkoitiarra. Eraberean, Goierriko Taloak eta Txindurri Iturri sagardoak beren postua izango dute Merkatu Txiki horretan.
Irteerak Lasturko harrobira eta Aixa kobazulora
Arratsalderako, doako bi irteera gidatu antolatu dituzte. Alde batetik, Lasturko harrobira bisita egingo da Hector Fano geologoarekin. Taldea 15:00etan irtengo da Zumarditik, eta itzulera 17:30ean dago aurreikusita. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, hemen klik eginda.
Bestalde, Felix Ugarte espeleologia elkartearen eskutik Aixa kobazulora espeleologia irteera bat antolatu da. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko horrek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. 16:00etan abiatuko da autobusa Zumarditik, eta 18:30ean itzuliko da. Irteera horretan parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute formulario honetan. Kaskoa eta kopetako argia banatuko zaizkie parte-hartzaileei.
- Ikus eguneko programa osoa -PDF-.