Karmen Esnaolak ehungintza tailer txiki bat dauka Lasturreko Goikola baserriaren hegal batean, eta artilea hantxe ekoizten du. Artilea modu mekanikoan ekoizten da batez ere gaur egun, baina berak antzinako modura egiten du, dena eskuz (ikus erreportajea BARREN aldizkarian). Joan den zapatuan, azaroaren 6an, Makina Erremintaren Museora ekarri zuen bere makinaria guztia, tartean 100 urte baino gehiago dauzkan kardagailua, eta zuzenean erakutsi zuen artilea nola egiten den. Elementu naturalak erabiliz artilea nola tindatzen duen ere azaldu zuen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 40 bat lagunek hartu zuten parte antzinako ogibideak erakusteko antolatutako jardunaldian, "tartean ume dezentek". Horrelako ekintzen bidez Museoan herritarrei espazio bat eskaintzea dela euren helburua azaldu du Museoko zuzendari Bea Ansolak, eta izan duen "harrera ona" ikusita aurrerantzean ere era honetako jardunaldi eta ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa dutela. "Talde oso polita batu ginen, emakumeak gehienak, eta adin guztietakoak. Karmenek 40 bat urte daramatza artilea eskuz ekoizten eta zoragarria izan zen bere azalpenak entzutearekin batera nola lan egiten duen zuzenean ikusteko aukera izatea. Berak oso eroso sentitu zela azaldu digu. Parte hartu zuten herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet, eta, nola ez bereziki Karmen Esnaolari, irulearen ogibidea bizirik mantentzeko egin duen guztiagatik", adierazi du Ansolak.
*Argazkiak: Makina Erremintaren Museoa.
∞Lotura duten albisteak: