Guztira 71 bolari lehiatu ziren txapelketako azkenaurreko jardunaldian eta hiru bolari nabarmendu ziren, hirurek zortzi txirlo bota baitzituzten hiru jaurtialditan. Asola Berri taldeko Bittor Astigarraga bolari eibartarra gailendu zen, Floreagako Santos Muñozek egin zuen bigarren eta San Migel taldeko Xabier Loiolak hirugarren. Angel Ibarluzea elgoibartarrak bostgarren postua eskuratu zuen, zazpi txirlo botata.
Txapelketako laugarren eta azken jardunaldia Azpeitiako Garmendipe bolatokian jokatuko dute, azaroaren 13an. Bertan egingo dituzte berdinketa hausteak. San Andres taldeko Jose Gabriel Nuñez dago sailkapen nagusiko lidergoan, 18 txirlo botata eta Ion Aransolo (Mx3T A) dago bigarren postuan, orain arteko jardunaldietan 15 txirlo botata. Txapelketako bigarren jardunaldia irabazi zuen Aitziber Olaizola da elgoibartarrik onena sailkapen nagusian, 12 txirlorekin, eta aurreneko postuan dago emakumezkoen sailkapenean.
Azpeitiko jardunaldia jokatu ostean, azaroaren 20an, jokatuko dute Lehendakari Txapelketa, Ziortza-Bolibarko Iruzubieta bolatokian. Sailkapen nagusiko lehenengo 64 sailkatuek hartuko dute parte, kanporaketa formatuan jokatuko den bola joko txapelketan. Irabazleak txapela, 300 euro eta Asola Berri taldeko kide den Oier Ugarteburuk eginiko margolan bat jasoko ditu saritzat.
*Argazkiak: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza / Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu
∞ Lotura duten albisteak:
- Aitziber Olaizolak irabazi du Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako bigarren jardunaldia (2021-10-25)
- Bertan behera gelditu da Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo bola joko txapelketa (2020-05-13)
- Eneko Agirretxe errezildarra gailendu da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako aurreneko jardunaldian, Aiastian (2020-03-11)
- Aiastiako bolatokian hasiko da zapatuan Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketa (2020-03-05)