Elkarte gastronomikoetara egingo dituzten bisita horietan, hondakinen birziklapenerako elkarteen beharren berri jasoko dute, ondoren, baliabideak emateko. Pandemiaren ondoren elkarteak berriro ere zabalik daudela kontuan hartuta eta haietan sortzen den hondakin kopurua handia dela jakinda erabaki du mankomunitateak kanpaina hau abiatzea.
Mankomunitateko lehendakariak, Iosu Arraizek, azaldu du elkarte gastronomikoetan "hondakin kopuru nabarmena" sortzen dela, batez ere bio-hondakinak eta janari hondarrak, eta baita ontzi arinak, plastikoak, beira eta paperezko hondakinak ere. Hori horrela, elkarteetan jasangarritasuna sustatzeko eta eskualdeko herritarren inplikazioa ugaritzeko, elkarteetako kideen beharrak ezagutu nahi ditu Mankomunitateak, birziklapena areagotzeko erraztasunak emateko helburuarekin.
Eskualdeko elkarteen datu base bat osatu du Mankomunitateak eta elkarteetara joan aurretik guztiekin jarriko dira harremanetan. Gutun bat bidaliko diete Mankomunitatearen asmoa zein den azaltzeko, eta elkartera gerturatzeko data zehaztuko dute.
• Mankomunitatean inoiz lortu den daturik onena
Eskualdeko gaikako bilketan urratsak egiten ari direla herritarrak nabarmendu du Arraizek, eta irailean bilketaren %56,7koa izan zela, Mankomunitatean inoiz lortu den daturik hoberena. "Dena den, oraindik bide luzea dago egiteko eta gizarteko kolektibo ezberdinetan eragiten jarraitu behar dugu 2030erako %70eko tasa lortzea errealitate bihurtzeko. Horregatik, eskualdeko elkarteetara gerturatuko gara azaroan, familian eta lagunartean elkartzeko gune hauetan ere birziklapena sustatzeko", adierazi du.
Kanpaina horrekin lotutako mezua duten sukaldeko mantalak ere banatuko ditu mankomunitateak elkarteetan, pare bat bakoitzean.