Julen Urruzola, Espainiako selekzioarekin

Barren.eus 2021ko aza. 17a, 17:52

Espainiako Eskubaloi Federazioak Bidasoa Irun taldeko lau jokalari deitu zituen Azuqueca de Henaresen (Guadalajara, Espainia), azaroaren hasieran egin zuten zazpi eguneko kontzentrazioan parte hartzeko, eta horien artean zen Julen Urruzola elgoibartarra.

Jubenil mailako Espainiako selekzioak brontzezko domina irabazi du aurten Kroazian jokatu zuten Europako txapelketan, eta orain, junior belaunaldi berriaren estreinuan, 2002-2003 urteetan jaiotako hamazazpi jokalari deitu ditu Rodrigo Reñones hautatzaileak, etapa berri bati hasiera emateko helburuarekin. Deialdian sartu zituen Bidasoa Irun taldeko lau jokalari: Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Julen Mujika eta Julen Urruzola. Nietok eta Mujikak brontzezko domina irabazi zuen taldean parte hartu zuten.

Rodrigo Reñonesek talde berri honekin lan egin nahi du datozen bi udetan, eta lan saio hauen helburua jokalariek eta entrenatzaileek elkar ezagutzea da, talde lehiakor baten oinarriak jartzeko, hurrengo nazioarteko txapelketei begira.

Selekzioa alde batera lagata, Bidasoa Irun taldearekin hiru partidatan hartu du parte Julen Urruzolak Asobal Ligako denboraldi honetan. Iaz, bere estreineko urtean lau partidatan jokatu zuen eta bi gol sartu zituen talde nagusiarekin.

2021 11 17 julen urruzola 20 bidasoa irun eskubaloia