Piktogramena Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonek erabiltzen duten komunikazio sistema da. Ahozko edo idatzizko kanalak baliogarriak ez direnean, irudiak erabiltzen dituzte ingurua ulertzeko. Izan ere, AEN duten pertsonei banda zuri-beltzek ez diete segurtasunik ematen, bidea gurutzatzerakoan ez dutelako mezua ulertzerik lortzen. Aldiz, piktogramei esker ulertzen dute mezua.
Elgoibarko oinezkoen pasabideetan "gelditu", "begiratu", "autoa dator" eta "gurutzatu" hitzak irakur daitezkeen piktogramak margotuko dituzte. AEN pairatzen duten pertsonen kolektiboari ikusgarritasuna emateaz gain, piktogramak erabiltzeak haien autonomia eta bide-segurtasuna areagotzen ditu.
Ane Beitia alkateak eta Blanca Larrañaga zinegotziak gaur eman dute ekimenaren berri, Elgoibar Lagunkoia proiektuko boluntarioekin eta Nuala eta Gautena elkarteetako eta Herri Eskolako eta Ikastolako ordezkariekin batera.
Ekimena gauzatu ahal izateko, Udalak hitzarmen bat sinatu du Andaluziako Teavial Elkartearekin. Elkarte hori irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta piktogramen seinaleztapena erregistratuta dauka. Horrexegatik, elkarte honi dagokio piktogramen erabilera lagatzea.
Nuala elkarteak egin zion Udalari piktogramak margotzeko proposamena, eta honek baiezko erantzuna eman zion inklusioan aurrera egiten jarraitzeko. “Administrazio ororen erantzukizuna da ingurune irisgarria eta lagunkoia sortzea eta irisgarritasun unibertsala lortzen laguntzeko neurriak hartzea. Gainera, Lagunkoia osatzen dugunok argi daukagu Elgoibar aniztasun funtzionala duten pertsonentzat udalerri lagunkoiagoa eginez gero, dementzia duten pertsonentzat ere lagunkoiagoa izango dela, baita, zebra-bideen erabilera zein den ikasten ari diren haurrentzat ere”, adierazi du Blanca Larrañaga zinegotziak.
Elkarteetako ordezkariek azpimarratu dute garrantzitsua dela AEN duten pertsonen izateko, bizitzeko eta sentitzeko ereduak eta moduak normalizatzea, denok ikas dezagun mundua ulertzeko beste modu batzuk ere badaudela.
Soinudun semaforoa
Egitasmo honen barruan, oinezkoentzako herrian dugun semaforoan, soinu bidezko sistema jarriko dutela "epe motzean" aurreratu dute agintariek; ikusmen arazoak dituzten herritarrentzat, baina baita ere segurtasun neurri bat gehiago denez, herritar guztientzat zebrabide lagunkoiagoa izatea du helburu.
Teavial Elkarteak badu material osagarria, hain zuzen ere, ikastetxeei zuzendutako gida didaktikoa eta ipuin bat. Bere garaian, Azkoitiko Udalak material hori euskarara itzuli zuen, Piktogramak jarri zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen udalerria izan baitzen Azkoitia, 2020ko martxoan, eta aldi berean, euskaraz margotu zituen aurrena ere bai. Azkoitiko Udalak Elgoibarko bi ikastetxeekin partekatu ahal izateko laga zuen materiala, horrela, lehen hezkuntzako ikasleen artean gai honekiko sentsibilizazioa landu ahal izateko.