Koalizioak inplikazio aktiboa izateko deia egiten du adierazpenean, delitu larri horren zantzuak identifikatzeko eta prebenitzeko, biktimak babesteko eta kalteak mugatzeko.
Era berean, sexu-abusuaren prebentzioa euskal hezkuntza sistemaren barruko ikasketa-programetan integra dadin eskatzen dute, delitu hori hautemateko tresnak eskura izan ditzaten adingabeen eta gazteen zaintzan inplikatuta dauden hezkuntza-komunitateak, osasun-langileek eta irakaskuntzako langileek.
Eskari hori, bederatzi puntuko adierazpen instituzional batean jaso dute, eta Elkarrekin Podemos IUk ordezkaritza duen erakunde guztietan aurkeztuko dute, horien artean Elgoibarko Udalean.
• Haurren sexu-abusua “indarkeria suntsitzaileenetako bat” da
Haurren sexu-abusua, adierazpen instituzionalean ikus daitekeenez, arazo kezkagarria da mundu mailan, eta "indarkeria suntsitzaileenetako bat" da jasaten dutenen kasuan, "abusu horien ondorioak bizitza osoan nozituko dituztelako".
Koalizioak gaineratzen duenez, "horri guztiari gehitu behar zaio gaur egun daukagun laguntza terapeutiko psikologiko eza; horrez gain, maila judizialean delitu asko preskribatu dira biktima gertakariak salatzera ausartzen direnerako. Izan ere, ez da ahaztu behar haurren sexu-abusuen inguruko funtsezko arazoa dela oraindik ere errealitate hori oso isilarazita dagoela, arazo hori isilean gertatu delako eta abusuak ezkutatzeko tradizio luzea dagoelako. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa da arazo larri hori azalaraztea, gure gizartearen eszena politikoan eta publikoan".
Zabaldu duten oharrean haurren sexu-abusuari dagozkion dimentsio desberdinek administrazioko hainbat agenteren eta organoren esku-hartzea eskatzen dute. "Haurtzaroko sexu-abusuen aurrean erakundeek emandako erantzunen azterketan eta hobekuntzan aurrerapausoak eman badira ere (Euskadin kasu horietarako jarduteko jarraibideak jasotzen dituen gida bat dago, Arartekoak egindakoa, adibidez), oraindik lan handia dago egiteko prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta biktimen babesaren arloan, bai eta ez errepikatzeko eta erreparaziorako bermeak lortzeko ere", zehaztu dute.
Azaldutako guztiagatik, erakunde guztien inplikazio aktiboa eskatzen du adierazpen instituzionalak, haurren abusuaren arrastoak prebenitzeko eta identifikatzeko, bai eta haurrak eta nerabeak dauden erakunde publiko edo
zerbitzu guztiena ere, "zeinetan horrelako portaerak detektatu eta erreparatu baitaitezke, hain zuzen ahalik eta lasterren identifikatzeko neurriak hartu ahal izateko eta ondorengo kalteak mugatzeko.
Ekintzen artean, Elkarrekin Podemos IUk proposatutako testuak gaur egun Euskadin erakunde-maila guztietan dauden baliabideak ezagutaraztea ere eskatzen du, egoera horiek identifikatzen dituzten pertsonek eta abusuak zein tratu txarrak jasaten dituzten biktimek baliabide horiek eskuratzeko eta babestuta eta lagunduta sentitzeko aukera izan dezaten. Horri dagokionez, sentsibilizazio kanpainak egin behar direla azpimarratu dute, gizartea indarkeria-egoera horien inguruan kontzientziatzeko, "kasuak goizago detektatzeko eta garaiz esku hartzeko".
Adierazpenak, halaber, udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzea eskatzen du, bai eta sexu-abusua eta haurren aurkako tratu txarrak prebenitzen dituzten elkarteen artekoa ere, arreta egokia eskain dezaketen ekimenak garatzeko eta protokoloak abian jartzeko, betiere beharrezko baliabideak bermatzeko.
Era berean, testuak babesa ematen dio Save The Children erakundearen sexu-abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko proiektu pilotuari, ‘Barnahus’ izenekoa, euskal errealitatera egokitzeko
lehen urrats gisa, eta espazio berean biltzen ditu kasu horietan esku hartzen duten arloak, judizialak zein soziosanitarioak. Ildo horretan, azken puntu batean, erakunde-adierazpenak aitortu eta baloratu nahi du inplikatutako erakunde eta elkarte guztiek arazo larri hori desagerrarazteko egindako ahalegina eta lana, eta kolektibo horiei babesa emateko deia egiten du.