Urnobitzakoek prestatutako zirkuito gogor eta teknikoa tamainako erronka zen parte hartu zuten 130 moto gidarien trebetasuna neurtzeko, baina erronka bikoiztu zuen aurreko astean egin zuen euriagatik lokatzez beteta zegoen ibilbideak. Bukatzea bera garaipena izaten da era honetako probetan, amaierara iristen diren gidaren kopuruak erakusten duen moduan, eta baita izenak berak ere, Enduro gogorra edo muturreko enduro moduan itzul baidaiteke "Hard" Enduroa, indarrean den modalitatea. Gidariek galtzak bete lan izan zuten zenbait aldapa igo ahal izateko, baina ikusleen begietara ikusgarriago egin zuten proba.
Lehen bi sailkatuek bakarrik lortu zuten ibilbideari lau itzuli ematea. Josu Artola amezketarra izan zen azkarrena, hiru ordu eta 41 minutuko denborarekin. Espainiako Kopako sailkapeneko lider zela etorri zen Elgoibarrera eta lidertza sendotuta joan zen amezketarra (ikus hemen Espainiako Kopako sailkapen nagusia -PDF-). Lau jardunalditatik bi irabazi ditu Artolak, Arnedon (Errioxa, Espainia) jokatutakoa eta Elgoibarkoa. Kopako bosgarren eta azken proba izango dena Oviedon (Asturias, Espainia) jokatuko dute abenduko lehen asteburuan. Elgoibarren Peru Irazolak egin zuen bigarren, irabazleak baino 11 minutu gehiago erabilita. Alberto Aramburu igo zen podiumeko hirugarren koskara. Adinaren araberako sailkapenei dagokionez, junior mailan Iker Aleman gailendu zen, eta Open mailan Peio Etxebeste.
• Hard Enduro saria
Trofeo Hard Enduro txapelketa ere jokatu zuten, aurrekoa baino ibilbide laburragoan eta xamurragoan, eta Diego Teixeira gailendu zen senior mailan. Ibilbideari bost itzuli ematea lortu zuen moto gidari bakarra izan zen. Juniorretan Manuel Gomezek irabazi zuen trofeoa, eta Master 35 eta 45 mailetan Xose Maria Ogando eta Roque Rodruiguez nagusitu ziren, hurrenez hurren. (sailkapen guztiak hemen)
*Argazkiak: Aitzol Madinabeitia. Argazki gehiago hemen.
∞Lotura duten albisteak: