Bikoteka ere lehen saria eskuratu du bola jokora inguratu zuen senarrarekin. Gipuzkoako onena bera izan zen baita emakumezkoetan ere eta taldeka bigarren saria. Ibilbide luzea egin du baina herrian bolatokia izatea nahi luke jende gehiagok kirol honi segitzeko.
• Euskal Herriko txapela lortu zenuen Azpeitian eta sari hori lortu duzun lehen emakumea izan zara. Zer sentitu duzu?
Ilusio handia. Beti pentsatu izan dut irabazi nezakeela, baina oso zaila iruditzen zitzaidan. Beti hamargarrenetik atzera gelditzen nintzen eta noizean behin laugarren postura hurreratu arren, “ez, ezinezkoa da” esaten nuen. Baina aurten banuen zerbait egin nezakeen errezeloa. Hiru urtez ia bota gabe ibili naiz besoko minagatik eta semeen futbol partidetara joaten nintzelako. Txapelketan, lehen bolatokian hiru kale egin nituen, baina itxura ona hartu nion kontuari. Hala ere, azken egunera arte ez nuen lortu, nahiko urruti neukan, baina irabazi nuen. Jendeak zoriondu egin nau eta taldean ere pozik, denak atzera utzi arren. Azken bost urteetan San Migelgo taldeko lauk txapela janztea esanguratsua da. Bolatokira iristen garenean esaten dute: “hemen datoz gorritxoak” (taldeko kamisetarengatik).
Adarra jotzen digute, baina denak gure zain egoten dira, txapelketa guztietan azkenetan botatzen dugulako. Lehia badago, baina ez gogorra.
• Eta nola irabazi zenuen azken saioa?
Guztiak jo nituen, bederatzi, eta lehen postura iritsi nintzen, beste batekin berdinduta, hortaz, berdinketa hausteko jokoa egin genuen eta berak bost jo zituen eta nik sei. Emozioa azken momentura artekoa izan zen. Azken bolatokira lehen postuan eta txirlo asko jota iritsiz gero ez dauka zirrara bera.
• Bikotekako saria ere senarrarekin irabazi duzu.
Bai, orain arte beste batzuekin jokatu izan du taldean bazirelako hobeak, baina aurten, beti bere bikote izaten denak ezin zuen eta elkarrekin jokatu dugu. Saria irabaztea berezia izan da.
• Beste sari asko irabazitakoa ere bazara, ezta?
Hau hirugarren txapela izan da. Gainontzekoak jaietako bolajokoetako sariak izan dira. Bost euro ipini eta lehenengo geldituz gero, orduan txapela irabazten denetakoa. San Roken orain dela 20 urte atera nuen eta orain dela 23 Aramaion, Untzillan. Han gauza bitxi bat gertatu zitzaidan: Emakume gutxik jokatzen genuen, pare batek-edo. Bi pertsona geunden berdinduta eta hautsi egin behar genuen berdinketa. Horrelakoetan egin ohi da biek hitz egin eta dirua erdibanatu, txapela lehenak jantzi arren. Gizon hari proposatu nion dirua erdibanatzea eta ezetz esan zidan, pentsatu zuen nik ez nuela berriz joko eta azkenean nik irabazi nuen sari nagusia.
• Txapeldun izatera iritsi zara, baina nola hasi zinen bola jokoan?
Senarraren eraginez. San Migeldarra da eta bola jokorako oso zalea izan da beti. Beraientzat bolatan aritzea jolas bat gehiago izan da. Ni hasieran, lehen bost-sei urtetan, ikustera joaten nintzen eta gero hasi nintzen parte hartzen. Jadanik 25 urte izango dira bolatokietan parte hartzen dudala eta federatuta nagoela hogei bat urte.
• Nolakoa izan zen parte hartu zenuen lehen aldi hura?
Pentsatzen nuen posible zela, emakumeak berdin-berdin jokatu dezakegu, bolatoki batzuetan, ez guztietan, baina gizonezkoen pare aritu nintekeela.
• Zergatik bolatoki batzuetan bai eta besteetan ez?
Bolatoki guztiak desberdinak dira. Denak lurrezkoak dira baina aldapatxoa daukate eta bola borobila ez denez lehenago jaisten da eta indar guztiz botata ere, bolatoki batzuetan ez zitzaidan bola txirloak botatzera iristen. Beste batzuk lasaiagoak dira. Adibidez, Elgoibarren, San Migelgo eta San Pedroko bolatokiak indarrarekin botatzekoak dira eta San Roken eta San Lorentzon indar gutxiagorekin ere jo liteke.
• Zuri zein bolatoki gustatzen zaizu?
Normalean Azpeitikoan jotzen dut gehien, zergatik ez dakit, baina hala suertatu zait, beharbada lauagoa denez bolak errazago sartzen dira. San Roken ere jo izan ditut. Bolatokiaren arabera hobeto moldatzen naiz, baina norberak kontrolatu behar du bola ez bolatokiak. Bolatokiak baserri giroko auzoetan egoten dira gehienetan eta txapelketa udaberrian izaten denez, arratsalde pasa polit bat egiteko toki ederrak izaten dira denak.
ELKARRIZKETA osorik irakurtzeko BARREN aldizkariaren 1224. zenbakian -PDF-