Lila emakumeen etxera bisita egin dute Herri Eskolako ikasleek

Barren.eus 2021ko aza. 29a, 15:50

Bisitaren helburua izan da ikasleek Lila ezagutzea, zer den Elgoibarko Emakumeen Etxea, eta zertarako eta nola sortu zuten. Lila herriko gainerako ikastetxeetako ikasleei ere ezagutarazteko asmoa du Udalak.

Elgoibarko Herri Eskolako zuzendaritzako kideek eta Lilako ordezkari diren Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek Elgoibarko Emakumeen Etxea bisitatu dute lehenengoz. Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak eta Mikel Etxaniz alorreko teknikariak egin zien harrera, joan den azaroaren 26an egin zuten bisitan.

Jakitera eman dutenez, Lilaren funtzionamendua eta azpiegitura bera ezagutzea izan dira bisitaren helburuak. "Zer den, zertarako sortua izan den, herri-partaidetza eta hausnarketa prozesu baten ondotik nola sortu den, eta era berean, espazioa bera ere ezagutzeko, zein balio duen ikusteko eta ikastetxeek ere zertarako erabili dezaketen jakiteko aukera izan dute. Horretaz gain, pare bat dinamika ere gauzatu dituzte berdintasunaren inguruan hausnartzeko", azaldu dute.
Berdintasun Sailak urtero ikastetxeekin lantzen duen Hezkidetza proiektuaren baitan egin dute bisita. Hezkidetza proiektua sexuen arteko berdintasunean eta diskriminazio ezean oinarritzen den hezkuntza da, genero estereotipoetatik kanpo egiten dena. "Halaber, bat egiten du, guztiz, Udala sail ezberdinen bitartez bultzatzen ari den haur, nerabe eta gazteen parte-hartzea era naturalean, sistematizatuan eta zeharkakoan udal politika publikoetan txertatzeko estrategiarekin; izan ere, haur, nerabe eta gazteen presentzia eta ahotsa indartu nahi da herrigintzan", adierazi dute prentsa ohar bidez.
Herri Eskolarekin bezala, Udaleko Berdintasun Sailak herriko gainontzeko ikastetxeei Lila aurkezteko asmoa du, hala nola, Elgoibar Ikastolari, Mekari, Elgoibar BHIri eta EPAri.

 • Elgoibar, berdinzaleagoa
Elgoibarko Udaletik azaldu dute herri berdinzaleagoa eraikitzeko apustu irmoa dutela, eta horretarako, 2022ko aurrekontuan Berdintasun Sailarentzako diru-partida ia hirukoiztu egingo dute, hala, 2021eko aurrekontua 45.000 eurokoa izan bazen, 2022koa 126.000 eurokoa izango da. Berdintasuna bultzatzeko ekintzak eta jarduerak antolatzera bideratuko dute zati handiena, guztira, 45.000 euro. Eta zehaztu dute ikastetxeekiko lankidetzak garrantzia berezia izango duela aurrekontuaren baitan.

2021 11 26 lila bisita elgoibar herri eskola