Gaurtik, abenduaren 3tik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 56. edizioa; aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu, ‘baDA!’ lelopean. Leire Urbeltz sortzaile iruindarrak egin du aurtengo kartela, ‘Desipuindegia’ izenburupean. Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, garai horretako irudien revivalismoa eginez.
"Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!", iragarri zuen Gerediagako presidente Nerea Mujikak. 220 erakusmahai egongo dira abenduaren 4tik 8ra ikusgai. Azoka aurrez aurrekoa izango da, bai, baina Gerediaga Elkarteak hainbat neurri hartu ditu azoka Eusko Jaurlaritzaren osasun neurrietara egokitzeko. Landakon eta Plateruenean, Ahotseneko kontzertuetan, sartzeko aldez aurretik izena eman behar da durangokoazoka.eus webgunean eta azaroaren 29an hasi ziren zerrendarako izenak jasotzen. Landako gunean 1.200 bisitariko bost txanda izango dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Barruan, maskara jarrita ibili beharko da, eta ezingo da ez jan ez edan. Online denda aurten ere martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra izena emateko webgunean bertan.
• 50 kontzertu Plateruenan
Kontzertuei dagokienez, antolakuntzak iragarri du Ahotsenean 50 kontzertu eskainiko dituztela eta emanaldi guztiak Plateruenan izango direla, 11.00etatik 22.00etara bitartean. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Horrekin batera, jakinarazi dute Ahotseneako zuzenekoak zein Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak webgunean ere jarraitu ahal izango direla streaming bidez. Musika ez ezik, Durangoko Azokak diziplina askotariko egitaraua berreskuratuko du aurten: solasaldiak, proiekzioak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak, ekitaldiak...
• Debabarreneko uzta
Debabarreneko Komunikazio Taldeak (DKT) jasotako informazioaren arabera, aurten, bailarako idazle, musikari eta argitaletxeek ondutako 23 liburu eta disko baino gehiago izango dira azokan; tartean, eleberriak, poema liburuak, album ilustratu bat, itzulpenak, eta baita rock, folk eta jazz diskoak ere.
- GEHIGARRIA: Aste honetako BARREN aldizkarian argitaratu den Debabarrenetik Durangoko Azkokara gehigarrian -BARREN 1225. zenb. -PDF- ikus ditzakezue, herriz-herri, eskualdeko sortzaileek azokara aurkeztuko dituzten kultur lanetariko batzuek (DKT osatzen duten gainerako komunikabideetan ere argitaratu da).
Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT): Drogetenitturri (Ermua, Mallabia), ...eta kitto! (Eibar), Pil-pilean (Soraluze), Barren (Elgoibar, Mendaro) eta Berriketan (Deba).