Bertan behera laga dute abenduaren 11n egitekoak ziren Igeriketa Jaialdia

Barren.eus 2021ko abe. 9a, 10:05

Olaizaga Kiroldegiko igerileku berria inauguratzeko antolatutako Igeriketa Jaialdia bertan behera laga dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Joan den irailaren 1ean zabaldu zuten Olaizaga Kiroldegiko igerileku berria. Inaugurazio ekitaldia egiteko asmoa zuten arren, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko osasun egoera hobetu ahala egitea erabaki zuten. Inaugurazio ekitaldi hori abenduaren 11rako, zapaturako, iragarri zuten antolatzaileek: Elgoibarko Udala, Elgoibarko Udal Kirol Patronatua eta Elgoibarko Igeriketa Taldea.

Jaialdia berriro atzeratzea erabaki dute, azken asteetako Covid-19aren intzidentzia datuen gorakada dela-eta, "herritarren eta bereziki haurren segurtasuna bermatze aldera". Zehaztu dute aurrerago jakinaraziko dutela noiz egingo duten ekitaldi hori.