Amak lau nesken izenen lehen letrekin osatuta dago, baina horrez gain, lauak amak direlako jarri diote izen hori Amak taldeari. Izan ere, lau kideen trikiti eta pandero doinuak Euskal Herriko plaza askotan entzun ziren beraiek ama izan aurretik. 90. hamarkadako trikitiaren loraldian, ordura arte neurri handi batean gizonezkoena zen trikiti munduan lekua lortu zuten lau neska hauek ezezik beraiekin bikote modura jardun zutenek, eta baita beste hainbatek ere. Urte batzuetan eszenatokietatik kanpo egon arren, musika beti gertuan izan dute laurek. Trikiti jaialdi baterako elkartu ostean, baina, gustura aritu zirenez, egitasmoarekin jarraitzea erabaki eta laurek batera 20 emanaldi egin zituzten Euskal Herrian barrena. Gehienbat bertsioak eskaini zituzten, bai beraiek aurrez sortutako kantuenak eta baita beste batzuenak ere. Pandero, trikiti eta lau ahotsek bat egin zuten oholtzan berriz ere trikitiari emakume ikutua emanez. Orain lehen diskoa dute eskuartean, beraiek sortutako zortzi abesti biltzen dituena.
Disko horretako abestiak eskainiko dituzte kontzertuan, eta hitz eta doinu indartsuak entzun ahal izango dira bertan ahots goxoz lagunduta. Kontzerturako sarrerak salgai daude jadanik 10 eurotan (Gazte txarteldunek hiru euro). Honako webgunean erosi ahal izango dira: herrikoantzokia.eus.
- Kontzertua 20:30ean hasiko da