24/7 plataformak 2.500 sinadura bildu ditu dagoeneko, Anbulatorioa 24 orduz zabaltzeko eskatzeko

Barren.eus 2021ko abe. 10a, 10:46


24/7 plataformak sinadura bilketa hasi du Elgoibarko anbulatorioa eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan zabaltzeko eskatzeko. 4.000 sinadura biltzea dute helburu, eta dagoeneko, 2.500 lortu dituzte.

 "Kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren alde" borrokan ari direla nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan 24/7 plataformako kideek. Elgoibartar guzion bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko lanean ari direla nabarmendu zuten, "murrizketa guztien kontra", eta azken hilabeteetan anbulatorioko zerbitzua lehengora itzultzeko borrokan jarri dituzte indarrak. Pandemiarekin batera, Elgoibarko anbulatorioa arratsaldeko 17:00etan ixten hasi ziren, eta larrialdi zerbitzua ere kendu egin zuten. Hori berreskuratzea da beraien nahia, herritar guztien mesederako. Anbulatorioa 24 orduz eta asteko zazpi egunetan zabaltzea nahi dute, pandemia iritsi aurretik zegoen zerbitzu bera emateko. 2019ko irailean mozio bat aurkeztu zuten Udalean, eta Udalari eskatu zioten arazoaren konponbidean inplikatzeko. Ez dute erantzun "positiborik" jaso, baina plataformako kideek esan dute "harro" daudela egiten ari diren lanaz. 

Abenduan sinadura bilketa ekin dute. Kalera irteten dira plataformako kideak sinadurak jasotzera, baina horrez gain herriko ehunka establezimendutan laga dituzte orriak herritarrek sinatzeko, eta ELA eta LAB sindikatuen bitartez enpresetara ere iritsi dira. Herritarren inplikazioa eta erantzuna "handia" izan dela adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete sinatu duten guztiei. 4.000 sinadura biltzea dute helburu, eta dagoeneko lortu dituzte 2.500. 

Sinadura horiek guztiak Udalean aurkeztuko dituzte ondoren, eta Udalari eskatuko diote Osasun Sailera eramateko. Ez dakite Udala bitartekari lan hori egiteko prest azalduko den, baina itxaropentsu daude, ikusi dutelako herritar askoren babesa jasotzen ari direla. "Osasunari lotutako gaia da hau, ez da gai politikoa, eta uste dugu Udala inplikatu egin behar dela". Ezezko erantzuna jasotzen badute, plataformako kideak zuzenean joango dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera sinadurak entregatzera. Borrokan jarraitzeko asmoa dute, eta abenduaren 13ko Osoko Bilkuraran mozio bat aurkeztuko dute, baina jakin dute osoko bilkura hori 2022ko aurrekontuei buruzkoa izango dela eta ez dutela beraien mozioa eztabaidatuko, hortaz, osoko bilkuraren aurretik egitekoak ziren manifestazioa bertan behera laga dute. Abenduaren 22ko osoko bilkuran aztertuko dutenez mozio hori, egun horretan egingo dute manifestazioa ere.  

2021 12 09 sinadura bilketa anbulatorioa 24 ordu

2021 12 09 anbulatorioa sinadura bilketa 24 ordu