Covid-19aren hedapena mugatu eta arintzeko helburuarekin, Lehendakariak 47/2021 dekretuan jaso du beharrezkoa dela Covid ziurtagiria aurkeztea Euskadiko taberna, jatetxe, ospitale eta egoitza, gimnasio, polikiroldegi eta kultura-ikuskizun guztietara sartzeko. Agiri hori NAN-arekin batera aurkeztu behar da. Gauzak horrela, datozen egunetan Elgoibarko kultur eta kirol espazioetara sartzeko Covid ziurtagiria eskatuko du Udalak, azken agindu hori betez: Herriko Antzokian, Olaizaga Kiroldegian, IMH kiroldegian eta Mintxetako muskulazio eta spinning geletan eta espazio horietako ostatu zerbitzuetan ere eskatuko dute. Espazio horietara denboraz bertaratzeko eta agiria prest eramateko gomendatu du Udalak.