Elgoibar eta Bergara arteko Erdi Aroko bideko zubia berreskuratu du Udalak

Barren.eus 2021ko abe. 16a, 21:26

Bergara eta Elgoibar arteko antzinako bide bateko zubia garbitu eta berreskuratu du Elgoibarko Udalak, eta Hiruiturri iturria ere eraberritu dute.

Udaletik jakinarazi dutenez, 1.000 urtetik gora ditu bideak, eta Sigmako etxebizitzetako biribilgunearen albotik abiatzen da. Landa bideak asfaltatu eta garbitzeko urteko lanketaren baitan garbitu eta berreskuratu dute bide hori. "Udalak, honela, herria zein landa eremua txukuntzen eta herritarren esku jartzen jarraitzen du, Elgoibarren historia berreskuratuz", adierazi dute.

Elgoibarko Elkarrekin Podemos alderditik zehaztu dutenez, poza hartu dute euren alderdiak eta herritarrek eskatutako eskaera baten ondoren "errege-bideko zubi zaharra" berreskuratu dutela ikusita. Hala ere, dagokionari aitortza egitea eskatu diote Udalari. "Pena da dominak beti berdinak jartzea eta inoiz ez adieraztea zein izan diren herritarren eskaerak bideratu dituztenak, ez eta herritar horiei merezi duten aitortza egitea ere", adierazi du Evaristo Rodriguezek. Azaldu duenez, Eibar eta Elgoibar lotzen zituen errege bidea baino goraxeago bide horrekin bat egiten zuen beste bide bat zegoen, "auzokoek erabiltzen zutena", eta bide hortakoa da orain bistaratu duten zubi zaharra, landaretzak ezkutatuta baitzegoen. "Sigmako bizilagun batzuek eman ziguten zubi horren berri eta balorean jartzea merezi zuela eskatu ziguten, plakaren bat jartzeko eta duen historia berreskuratzeko, alegia".

Zubi zahar hori Gipuzkoako ibilbide sareko bi Ibilbide Luzeren (GR) bidegurutzean dago, hain zuzen ere: GR 285 MENDIBAI ibilbidea eta GR 121 BIZKAR ibilbidea.

Lehenak, Mendibaik, Elgoibar Hondarribiarekin lotzen du, hiru maratoiko distantzia batean. Horregatik da Gipuzkoako ibilbide sarean luzeena eta gogorrena. Xendan zehar Gipuzkoako bost ibai garrantzitsuenak (Deba, Urola, Oria, Leitzaran eta Bidasoa) eta hainbat mendizerra (Karakate-Irukurutzeta, Izarraitz KBEa, Ernio-Gazume KBEa, Adarra, Aiako Harria,) gurutzatzen dira Gipuzkoako lurraldearen barnealdetik. Ezaugarri horiek garbi uzten dute ibilbidearen izenaren esanahia.

Bizkar ibilbidea, berriz, Mutrikutik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) da, eta Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugatik doa: Kantauri itsasoa Aizkorri-Arazko Natur Parkearekin lotzen du. Deitura egoera horri zor dio, bidea, mugatik, bizkarrez bizkar baitoa eta Bizkaia izena ere "bizkar"etik datorrelako.

2021 12 17 erdi aro bidea zubia sigma elgoibar

2021 12 17 erdi aro bidea zubia sigma elgoibar seinaleak

 • Hiruiturri, eraberrituta
Aiastia bailaran, Kalamua mendiaren magalean, dagoen Hiruiturri iturria ere konpondu du Udalak. Funtzionamendu egokia bermatzeko lanak burutzeaz gainera, iturria txukundu eta margotu dute.

2021 12 16 iruiturri berritu elgoibar udala