Joan den astean, abenduaren 13tik 19ra bitartean, 57 koronabirus kasu positibo berri zenbatu dituzte Elgoibarren (aurreko astean, abenduaren 6tik 12ra bitartean, 66 atzeman zituzten), eta gutxigatik, baina 1.000ko langa gainditu du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuak. Hala ere, Elgoibarkoa lurraldeko intzidentzia-tasatik dexente beherago dago oraindik, 1570,67ko intzidentzia baitu Gipuzkoak. Eskualdean ere intzidentzia baxuena du Elgoibarrek, Mendarorekin batera. Mendarokoa da 1.000tik behera dagoen bakarra. Edonola ere, sei olaturen ostean, pandemiak erakutsi digu datuak aste gutxitako epean alda daitezkeela. Astebetean, azken zazpi egunetan, 530 debabarrendarri atzeman zaie birusa, eta 1408an dago eskualdeko intzidentzia-tasa.
Abenduaren 13tik 19ra bitarteko COVID-19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:
- Deba +47 (7 6 6 8 5 9 6) 1925,55ko intzidentzia-tasa
- Mutriku +67 (11 12 14 9 8 7 6) 1919,46
- Eibar +200 (26 21 33 39 17 40 24) 1597,87
- Ermua +115 (20 14 21 22 15 15 8) 1516,95
- Mallabian +7 (1 1 3 1 0 1 0) 1008,40
- Soraluze +35 (6 8 7 7 1 2 4) 1434,32
- Elgoibar +57 (13 9 3 11 6 8 7) 1065,86
- Mendaro +2 (0 0 1 0 0 0 1) 803,78
- GIPUZKOA +5.946 (906 919 949 1072 844 660 596) 1570,67
• Ospitaleratzeak eta hildakoak gora
Hego Euskal Herrian harrotuta dabil izurria, eta 2.135 positibo atzeman zituzten atzo eginiko antigeno eta PCR probetan. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du abenduaren hasierako "zubiaren ondorioen aurrean" gaudela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 324 lagun daude ospitaleratuta, duela astebete baino hamalau gutxiago. Aldiz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 105 lagun daude, joan den astelehenean baino hamalau gehiago.
Covid-ak eragindako asteroko heriotzak bikoiztu egin dira azken egunotan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sistema Publikoak 38 heriotza zenbatu ditu, covid-19aren ondorioz, hil honen 13tik 19ra bitartean; aurreko astean, berriz, 19 izan ziren. Pandemiaren ondorioz hildako pertsonen datu hain altua aurkitzeko, maiatzeko lehen astera arte jo behar da, orduan 39 pertsona hil baitziren.