Udaletik zehaztu dutenez, proiektu honen helburua da San Frantzisko kalea eta Urazandi auzoa lotzen dituen igarobidea irisgarriagoa egitea, igogailu publikoa jarriz eta pasabidea irisgarriagoa izateko eraberritze lanak eginez.
Lizitazioaren prezioa 82.000 eurokoa da (BEZik gabe). Exekuzio proiektua idazteko kontratuaren iraupena 28 astekoa izango da, kontratua sinatzen den egunetik aurrera.
Urazandi auzoa eta herrigunea lotzen dituen oinezkoentzako egun dagoen ibilbideak oztopo arkitektoniko esanguratsuak zeharkatzen ditu: hala nola, N-634 errepidea eta Deba ibaia. Gaur egun, ibilbide hori errepidea eta ibaia gurutzatzen duten bi pasabideetan barrena egiten da. Udaletik azaldu dute egungo ibilbidea "ez datorrela bat" irisgarritasunari buruzko araudiarekin.
Hori horrela, homnakoak dira irisgarritasuna hobetzeko asmoz Udalak ezarritako helburuak:
Ibaiaren gaineko pasabideak, King Kongeko zubiak, irisgarritasunari buruzko araudia bete dezala.
- N-634 errepidearen eta Urazandi auzoaren arteko maila gainditzea, igogailu publiko baten, eskaileren eta arrapala gehigarri baten bidez osatutako komunikazio gune bertikal baten bitartez.
- N-634 errepidearen gainetik igarotzea, errepidearen gainetik egingo den pasabide baten bidez.
- Komunikazio gune bertikala eta Elgoibarko HAPOn ageri den “6.E. El Pilar” partzela elkarrekin lotzea.
- N-634 errepidean, Mendarorako noranzkoan dagoen autobus geltokia mantentzea.
- Kontratu honen xedearen baitan, autonomia edo tokiko esparruko edozein organismok emandako baimen edo lizentzia oro lortzeko beharrezkoa den dokumentazioa prestatu, aurkeztu eta horren jarraipena egin beharko da, arestiko proiektuari dagokionez; baita beharrezkoak diren instalazioak eta aldaketak legeztatzeko baimen oro lortzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia ere.
Obra Zuzendaritzaren exekuzioa Elgoibarko Udalaren esku geldituko da. Udalak 2022 amaierarako lizitatu nahi du obra; horrela, 2023 hasieran hasteko egin beharreko lan guztiekin.