Anbulategia asteko zazpi egunetan eta 24 orduz irekitzeko mozioa onartu du Osoko Bilkurak

Barren.eus 2021ko abe. 23a, 10:15

24/7 plataformak Elkarrekin Podemos alderdiaren bitartez mozioa aurkeztu du Elgoibarko Udalean, anbulategia asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzeko eskatuz. Atzo egin zuten Osoko Bilkura, eta mozioak aurrera egin du Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. 

 

24/7 plataforma osasungintza publikoa indartu eta Elgoibarko zerbitzua pandemia aurreko egoerara itzultzeko borrokan ari da. Horren harira, mozioa aurkeztu du Udalean, Elkarrekin-Podemos alderdiaren bitartez, eta atzko Osoko Bilkuran eztabaidatu zuten gaia. Elkarrekin-Podemosen eta EH Bilduren aldeko botoekin aurrera egin zuen mozioak. EAJ eta PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuten.

EAJ alderdiak esan du herritar guztientzako kalitatezko osasun zerbitzurik onenaren eta eraginkorrenaren alde lanean jarraituko duela, baina ez du partekatzen osasun pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera hau erabiltzea estrategia politiko partikular gisa. Jeltzaleak ez datoz bat oposizioko alderdiek herriko osasun arretari buruz egiten duten irakurketarekin. “gaiaren erabilera interesatua eta alderdikoia ari dira burutzen EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Covid-19aren pandemiak zuzenki eragin du gizarte osoan, eta bereziki osasun publikoaren zerbitzuan. Covid-19ak sortutako beharrizanak izugarriak dira eta horrek aldi baterako osasun publikoaren baliabideak berrantolatzea eskatu du, eta ez dugu ez praktikatzen ezta partekatzen osasun-pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera zail hau erabiltzea instrumentalizazio eta estrategia politiko partikular bezala”. EAJren ustez lehen mailako osasun zerbitzu publiko indartsuak ditugu, eta hori guztion elkarlanari esker lortu dela adierazi zuten: "Elgoibartarrok inguruan bi ospitale publiko ditugu, osasun zerbitzu ia guztiak bertan eta 24 orduko urgentziak oso hurbil urteko 365 egunetan. Irisgarritasuna ere bermatua dago bi ospitaleetara. Ez hori bakarrik, gaur egun etxez etxeko arreta-zerbitzu osoa dugu, zeinak osasun-zerbitzuaren prestazioa optimizatzen duen”.  EAJk konpromisoa hartu zuen herritarrentzako kalitatezko osasun arreta bermatzeko, eta oposizioaren eskaera beraiena eginez, Osakidetzari helaraziko diotela. "Etengabeko hobekuntza dugu jomuga, eta horretan jarraituko dugu”.

24/7 plataformako kideek, aldiz, salatu dute Elgoibarko anbulatorioak jasan dituen murrizketak “ugariak eta jarraiak” izan direla: “Duela bi urte arte, anbulatorioak larrialdietarako zerbitzua eskaintzen zuen 20:00ak arte, eta orain, 17:00etan ixten dute astelehenetik ostiralera, eta asteburuetan itxita egoten da”. Murrizketa “nabaria” dela diote, herritarren eskubideen eta bizi kalitatearen kontra. Bizilagunek Eibarrera edo Mendarora joan behar izaten dutela edozein larrialdi artatzera diote. Gainera, giza multzo zaurgarrienak direla murrizketa horiek gehien jasaten dituztenak zehaztu dute: "adinekoak, haurrak edo gaixo kronikoa, besteak beste". Anbulategiko larrialdi-zerbitzuaren ordutegi murrizte hau, lehendik datorren joera baten urrats berria dela salatu dute eta azken urteetan izan duel bilakaera nolakoa izan den gogora ekarri dute 24/ Plataformakoek.  "Azken murrizketa duela bi urte gertatu zen, Osakidetzak anbulatorioa asteburuetan eta lanegunetan 17:00etan ixtea erabaki zuenean. Pandemia izan zen erabaki hori hartzeko aitzakia. Gaur egun, honako mezu hau dago anbulatorioko atean: 'Salbuespenezko arrazoiengatik, Elgoibarko PAC-a itxita egongo da beste abisu bat eman arte'. Osakidetzako zuzendaritzak pandemiak desagerrarazitako zerbitzuak berreskuratzen hasiko zela agindu zuen duela aste batzuk, baina Elgoibarren ez da aldaketarik izan eta murriztutako zerbitzuek bere horretan jarraitzen dute".

2010. urtera arte Elgoibarko anbulatorioa irekita egoten zela ere gogora ekarri dute, astelehenetik igandera, eguneko 24 orduetan. "Orduan, gaueko zerbitzua kendu zuten, eta anbulatorioa gauerdian ixten zen. Murrizketa horrek herritarren gaitzespena ekarri zuen. Eusko Alkartasuna alderdi politikoak 2.000 sinadura baino gehiago bildu zituen neurri horren aurka. Geroago, beste murrizketa bat etorri zen, anbulatorioa 20:00etan ixtea erabaki zuten. Eta orain bi urte murrizketa berri bat: pandemia aitzakiatzat hartuta, anbulatorioa ixteko ordutegia 17:00etan ezarri zuten, eta lanegunetan eta asteburuetan ixtea erabaki zuten, eta horrek larrialdietako zerbitzua kentzea ekarri zuen. 2011. urtean, larrialdietako zerbitzuko langileak mobilizatu egin ziren, eta itxialdia egin zuten protesta gisa".

Hori dela-eta, 24/7 plataformak 4.000 sinadura biltzeko kanpaina egin du, eta sinadura horiek guztiak Osasun Sailean aurkeztuko dituztela jakinarazi dute.